Artea
Bilbo
Juan Carlos Eguillorren satira politikoa, erakusketa batean
Erredakzioa
Ia 100 bineta daude bertan ikusgai, marrazkilariak 1995ean 'El Correo' egunkarian argitaratutako bi komiki laburretako pasarteekin. Mari Aguirre eta Miss Martiartu pertsonaiak daude bertan.
Urriaren 9ra arte, 'Eguillor El Correon' erakusketa hartuko du Bilboko BBK Aretoak. Bertan, Juan Carlos Eguillor maiatzean zendutako marrazkilari donostiarrak 'El Correo' egunkarian argitaratutako hainbat lan biltzen dira.
Guztira, 96 bineta daude ikusgai, 1995ean sortutako bi komiki laburretako pasarteekin. Urte hartako urtarrilaren 7tik urriaren 13ra argitaratutako lanak dira eta, ironiaz bustita, garaiko eztabaida politiko eta soziala islatzen dute.
Guggenheim museoaren eta Bilboko metroaren eraikuntza, Ezkerraldearen berrindustrializazioa, Perote GAL auziko pertsonaia ilunenetako bat eta 1996ko hauteskundeen atariko giro politikoa dira Eguillorrek, ironiaz, landu zituen gaietako batzuk.
Donostiarra izanda ere, bilbotartasuna jasotzen jakin zuen Eguillorrek, eta, 'pop art' estiloaren ukituz, Bizkaiko hiriburuaren arima islatu zuen irudietan, bi pertsonaia oso ezagunekin: Mari Aguirre eta Miss Martiartu ''Abandoko batzokiko bizkaitarra''. Lertxundi irakaslea eta Iñigo Loyola gogoratzeko aukera ere eskaintzen du bildumak.
Bilboko Barrea jaialdiaren baitan antolatu dute erakusketa. Juan Bas ekimenaren zuzendariak azpimarratu duenez, ''Bilbok asko zor dio Juan Carlos Eguillorri, eta bere ibilbide profesionalari merezitako omenaldia egin nahi dio erakusketak''.
Joan den maiatzean zendu zen Juan Carlos Eguillor.