Itxi

Artea

Erosketa berriak

Guggenheim Bilbao Museoak Hatoumen eta Salcedoren artelanak erosi ditu

Erredakzioa

Gainera, Liam Gillicken "Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan" (2009) eta Jose Manuel Ballesterren hiru argazki dohaintzan eman dizkiote museoari.

  • Mona Hatoumen "Gure etxea" artelana. Argazkia: guggenheim-bilbao.es

Guggenheim Bilbao Museoak bilduma handitu du. Horrela, Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Tenedora Elkarteak Mona Hatoumen "Gure etxea" (1999) eta Doris Salcedoren "Titulurik gabea" (2008) artelanak erosi ditu. Honekin batera, dohaintzan eman dizkiote Liam Gillicken "Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan" (2009) eta Jose Manuel Ballesterren hiru argazki, "Ezkutatutako txokoak" sailekoak.

Bilboko museoak jakitera eman duenez, 525.000 dolarrean erosi da "Gure etxea". Mona Hatoum (Beirut, 1952) artistaren lana ezinbestekoa da 1980ko hamarkadatik egundainoko eskultura-lengoaiaren eta instalazio-artearen nondik norakoak ulertzeko.

Mahai handi bat da lana; bertan sukaldeko hainbat tresna daude, metalezko matxarden eta kableen bidez elkarlotuta eta argindar hargune bati entxufatuta. Horrela, mehatxuzko ingurune artegarria sortu du artistak.

Doris Salcedo (Bogota, 1958) bildumari gehitu zaion lehen artista latinoamerikarra da. "Titulurik gabea" lana sail baten zati da, artistak gaur arte egin duen sailik handienarena; 1989an hasi zuen, eta oraindik ere hura osatzen dabil.

Salcedok aberriko, Kolonbiako, historia eta politika asaldatua aztertzeko erabiltzen du artea; behin eta berriro jorratu duen gaia da. "Titulurik gabea" 725.000 dolarrean erosi da.

Erositako lan horiek biak Guggenheim Bilbao Bilduma osatzeko eskuratze-ildo estrategiko berri baten adibide dira: erosketen eremu geografikoa zabaldu nahi du Museoak, AEBko eta Europako arteaz haratago, hain zuzen ere.


Bi artelan, dohaintzan

Halaber, dohaintzan emandako lau lan gehitu zaizkio Guggenheim Bilbao Bildumari. Lehenengoa Liam Gillicken (Aylesbury, Ingalaterra, 1964) lan bat da. Veneziako Bienalaren Alemaniako pabiloirako egin zuen 2009an eta "Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan" izena du.

Bigarrena, Jose Manuel Ballesterren (Madril, 1960) formatu handiko hiru argazki dira: "Maiatzaren 3a" (2008), "Errege-erreginaren jauregia" (2009) eta "La Medusen almadia" (2010). Ballesterrek Estatuko Argazki Saria jaso zuen 2010ean eta haren hiru argazki horiek Guggenheim Bilbao Bildumaren argazki-funtsak aberastuko dituzte; izan ere, Estatuko egungo argazkilari nabarmenetako bat da.