Artea
Tamaina handikoak
Victor Santos komikigilearen lanak, 'Jainkoak eta munstroak' bilduman
Erredakzioa
Bizkaia Zubian dago ikusgai egilearen lanak tamaina handian biltzen ditu erakusketa. Ostiralean hasiko den Getxoko Komiki Azokaren baitan antolatu dute bilduma.
-
Victor Santos komikigilearen lanak, 'Jainkoak eta munstroak' bilduman. Argazkia: Getxo Comic
Ostiraletik aurrera, komikizaleek hitzordua dute Getxon, bertako Komiki eta Manga Azokaren 10. edizioarekin. Atariko gisa, erakusketa berezia ireki dute astelehen honetan Bizkaiko Zubian. 'Jainkoak eta munstroak' du izena, eta Victor Santos komikigilearen 30 lan biltzen ditu, tamaina handian.
1998an hasi zen komikiaren munduan Victor Santos (Valentzia, 1977). Valentziako beste egile batzuekin 7 monos komiki-zigilua sortu zuen, eta 'Gaijin' estreinako lana kaleratu zuen, Asiako akziozko filmen parodia egiteko. 2000n egin zen ezagun, 'Los reyes elfos' lanarekin. Eskandinaviako literaturan oinarritutako heroi-fantasia lantzen duen lana da, eta saga horren lau atal kaleratu dituzte dagoeneko.
'Pulp Heroes' eta 'Al menor postor' lanetan genero beltza jorratu du Santosek, eta superheroien abenturak ere sortu ditu, 'Protector' argitalpenean. Haurrentzako komikiari helduta, 'Aventuras en el Mundo Jung' lana kaleratu zuen, eta 'Faeric Gangs' eta 'Lone in Heaven' lanetan, berriz, intriga fantastikoa jorratu zuen.
Miles Hunter gidoilari estatubatuarrarekin elkarlanean, 'Zombee' eleberri grafikoa argitaratu zuen, eta 2009an Estatu Batuetako eta Europako zenbait argitaletxerentzat aritu zen. Egindako lanen artean aipatzekoa da 'Filthy Rich', Brian Azzarello idazle ospetsuaren gidoiaz DC Comics etxe ezagunarentzat egindako komikia.
Egun 'The Mice Templar' Mike Avon Oeming eta Bryan Glass egileek sortutako seriean marrazkigilea da, eta proiektu berrietan ere murgildu da, tartean 'Witch & Wizard' liburu ospetsuaren komiki-moldaketan.
2005ean Kritikarien Saria jaso zuen 'Dolmen' aldizkariaren eskutik, eta hainbat sari lortu ditu Bartzelonako eta Madrilgo komiki azoketan.