Itxi

Artea

''Dena faltsutu daiteke''

Faltsifikazioen historia, 'Verdaderamente falso' bilduman

Erredakzioa

Erakusketak 200 pieza bildu ditu Gasteizen, mundu ilun horren nondik norakoak azaldu nahian.

01:06
Artelanak, dirua, dokumentuak... dena faltsutu daiteke

Astearte honetatik aurrera, ‘Verdaderamente falso’ erakusketa dago ikusgai Gasteizen, Arabako Artxibo Historiko Probintzialean. 200 pieza baino gehiago bildu dituzte bertan, tartean artxiboetako agiriak, liburuak, arkeologia gaiak, txartelak eta antzinako hainbat pieza, historian egin diren faltsifikazioak azaldu eta aztertzeko. Faltsutzaileen nortasuna eta denboran barrena iruzurra egiteko izan dituzten arrazoiak ere aztertzen ditu erakusketak.

Bildumaren elementurik deigarriena ‘Zubialderen kobazuloa’ da, azken urte hauetan egindako labar-pinturen inguruko faltsifikazio ezagunetako baten birsorkuntza. 90eko hamarkada amaieran arabar gizartea hunkitu zuen kasu horrek. Pezeta txanpon eta billeteen bilduma ere ikus daiteke erakusketan, baita XVIII. mendetik faltsifikazioak egiteko erabili izan diren zenbait teknika eta material ere. Pasionariaren pasaportea eta Domingo Malagonek frankismoan, klandestinitatean, Espainiako Alderdi Komunistako kideentzat egindako hainbat nortasun agiri ere badaude ikusgai.

2012ko apirilaren 15era arte egongo da erakusketa ikusgai, Arabako hiriburuan.