Itxi

Artea

Erakusketa

LKN kale artistaren erakusketa zabaldu dute lehenengoz Iruñean

N. V. | EITB Media

Kondestable Civivoxean izango da ikusgai, apirilaren 30era arte, kale artistaren lanaren lagin bat.

  • LKN

    Maria Chivite presidentearen eta Bakartxo Ruiz parlamentariaren arteko musua, LKNren lan batean

LKN-k, duela bi urtetatik Iruñeko kaleak lan deigarriz jantzi dituen artistak, bere lana erakutsiko du, lehenengo aldiz erakusketa batean, Kondestable jauregian, Iruñean.

Iruñeko Udalak LKN artistaren lanen erakusketa atondu du, eta apirilaren 30era arte egongo da ikusgai hasieran futbola ardatz bazuten ere gerora kutsu sozial eta politikoa hartu zuten lanen bilduma.

Azken urteetan, artistaren nortasuna ezkutatzen duten hiru letra horiek nonahi ikusi dira Iruñeko kaleetan, Osasunari buruzko marrazkietan, bi musutan (Foruzaingoko bi gizon agenteren artekoa eta Maria Chivite Nafarroako presidentearen eta Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariaren artekoa) edo Enrique Maya alkatearen eta Joseba Asiron alkate ohiaren arteko boxeo borroka batean.

LKN-k, gaurko aurkezpenean maskara eta nor zen ezkutatzen zuten betaurreko beltzak soinean, duela bi urte hasi zen margoak kalean itsasten, eta Iruñeko Udalaren proposamena begi onez ikusi zuela azaldu du: “Oso ideia ona iruditu zitzaidan obren bizitza luzea”.

“LKN” erakusketan, jatorrizko lanen kartoizko 22 erreprodukzio paratu dituzte, eta artistaren gaineko erreportajeak biltzen dituen 17 minutuko bideoa ere erreproduzitzen dute etengabe.