Artea
Proiektu irekia
Pantailek gure bizitzan duten boterea, aztergai
Erredakzioa
Bideo erakusketa kolektiboa osatzeko helburua duen esperimentua da 'Pantaila birtuala', eta jendearen parte-hartzea bilatzen du. Donostiako San Telmo museoan proiektuaren lehen fasea aurkeztu dute.
-
'Pantaila birtuala. Argazkia: San Telmo Museoa.
Pantailek gure bizitzan duten eraginaren inguruan hausnarketa egiteko helburua duen proiektu berezia da 'Pantaila birtuala'. ''Zinema, telebista, ordenagailuak, telefonoak, 'tablet'ak, zaintzarako pantailak... Gure inguruan geratzeko asmoz iritsi diren pantaila guztiek orain arte ezagutu ez den boterea dute, eta arlo guztiak ari dira eraginpean hartzen''.
Ideia horren ildoari jarraituz, Gilles Lipovetsky eta Jean Serroy egileen izen bereko liburuan dago oinarrituta proiektua, eta zazpi bideo ditu abiapuntu. Edozeinek gehitu ahalko dio bere proposamena bideo horietako bakoitzari, pantallaglobal.cccb.org webgunearen bidez.
Bartzelonako Arte Garaikidearen Zentroak eta Donostiako San Telmo Museoak elkarlanean egindako ekoizpena da, eta Gipuzkoako hiriburuan aurkeztu dute ostegun honetan egitasmoaren lehen fasea.
Lehen fase horren fruituak erakusketa batean erakutsiko dituzte, eta bilduma hori Bartzelonan egongo da ikusgai 2012 hasieran, eta, Donostian, berriz, udan. Erakusketa egin aurretik, bitartean eta ondoren plataforma birtual bat ere egongo da martxan.