Artea
Egitasmoa
Helsinkin museo bat eraikitzea proposatu du Guggenheim Fundazioak
Bilboko Guggenheim museoaren Batzorde Betearazlearen oniritzia behar dute, markak Europan museo berriak eraikitzea galarazi baitezake.
Solomon R. Guggenheim Fundazioak Finlandiako hiriburuan New Yorkeko marka arrakastatsuaren museo berri bat eraikitzea proposatu du. Arkitekturan eta diseinuan oinarrituko da museo berria.
Finlandia Hall biltzar-etxean egindako mintegi batean egin dute iragarpena eta bertan duela urtebete Helsinki hiriak eskatutako bideragarritasun-txostenaren ondorioak aurkeztu dituzte.
2,5 milioi dolarreko (1,9 milioi euro) kostua izan du ikerketak eta aurkezpenean Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbaoko zuzendaria eta Ari Wiseman Guggenheim Fundazioko zuzenariordea izan dira.
New Yorkeko 12.000 metro karratu inguruko museo bat eraikitzea gomendatzen du, Helsinkiko hegoaldeko portuan, hirigunean bertan, eta 3.920 metro karratuko erakusketa-azalerarekin.
140 milioi euroko aurrekontua du eraikin berriak eta 400.000 eta 650.000 bisitari izan ditzake urtean, %40 inguru, turista kanpotarrak.
Ikerketaren arabera, ez du erakusketa iraunkorrik izango eta arkitekturan eta diseinuan oinarrituko litzateke, gainontzeko Guggenheim museoen eskaintza kulturala osatuz.
Helsinkiko udalaren eta Bilboko Guggenheimen Batzorde Betearazlearen oniritzia behar du proiektuak, markak Europan museo berriak eraikitzea galarazi baitezakete.