Artea
Heriotza
Antoni Tapies eskultore eta margolaria hil da, 88 urte zituela
Erredakzioa
XX. mendeko pinturan erreferenteetako bat izan da, bereziki gerra osteko arte abstraktuan.
Antoni Tápies margolari, eskultore eta arte munduko teorialaria astelehen honetan zendu da, Bartzelonan, 88 urte zituela.
Bartzelonan jaioa, 1923an, XX. mendeko pinturan erreferenteetako bat izan da, bereziki gerra osteko arte abstraktuan. Familia burges eta jantzi batean jaio zen, eta Tàpieseko markes izendatu zuten 2010ean, arte plastikoei egindako ekarpenagatik.
Ikasketak albo batera utzi zituen, marrazkilaritza eta margolaritza jorratzeko, eta 40ko hamarkadan hasi zen bere lanak erakusketetan biltzen.
Bere artelan nagusienen artean aipatzekoak dira "Gran pintura gris" (1955), "Óvalo blanco" (1957), "Puerta gris" (1958), "Cuadros grises sobre marrón" (1959), "Forma triangular sobre gris" (1961), "Gran equis" (1962), "Relieve ocre y rosa" (1965), "Incrustación y cifras" (1974), "Huella de silla" (1980), "Díptico de campaña" (1991), "Inspiración" (1991), "Nocturno" eta "Gesto" xilografiak (1995), "Rinzen" (1998) eta Bartzelona futbol taldeko mendeurrenaren kartela (1999).
Zeramikan landutako hainbat piezarekin batera, ehunak eta eskulturak ere jorratu ditu. Berea du Llobregateko Sant Boi plazan ikusgai dagoen mosaikoa. Eskulturetan aipagarri dira "Homenaje a Picasso" (1990) eta "Nube y silla", biak Bartzelonan. 18 metro luzera duen "Calcetín" (1992) lan polemikoa ere sortu zuen, eta artea jorratzen duten hainbat libururen egilea ere bada Tàpies.
Hainbat sari lortu zituen, tartean Arteen Asturiasko Printzearen Saria (1990), Arte Ederren Urrezko Domina (1981), Generalitatearen d'Or domina (1983), UNESCOren Piccasso domina (1993), Generalitatearen Arte Plastikoen Sari Nazionala (1995), Kultura Ministerioaren Arte Plastikoen Velazquez Saria (2003) eta Japoniako Artisten Elkartearen Praemium Imperiale Saria.
Bartzelonako Udalak Urrezko Domina eman zion 1992an.
Berlingo Arte Ederretako Akademiako eta Viena Kunstlerhans fundazioko kidea izan zen (Europako arte fundaziorik zaharrena da hau); eta San Fernandoko eta Frantziako Arte Ederren Akademian ere aritu zen.
Bartzelonan bere izena daraman fundazioa dago, eta bertan daude ikusgai bere lanetako asko.