Artea
Erakusketa
Jorge Oteiza eta Menchu Gal: Irun abiapuntu bezala
'Oteiza-Gal, Irunen bat egiten duten bi begirada' erakusketak Bidasoak lotzen dituen bi artista hauen lanak elkartu ditu.
-
Jorge Oteizaren eta Menchu Galen lanen erakusketa. Argazkia: EITB
'Oteiza-Gal, Irunen bat egiten duten bi begirada' erakusketa aurkeztu dute, bi artisten obren elkargunea.
Menchu Gal irundarra zen eta Oteiza Irunen bizi izan zen 15 urtez, eta hain justu ere, Irungo garai hori izan zen Oteizaren aldirik interesgarrienetako bat.
Bertan diran Oteizaren lanak Altzuzako museotik ekarri dituzte, denak ere Irunen eginak. Menchuren obratik, garai hartan arte berritzat jotzen ziren margo fresko eta koloretsu hauek hartu dituzte. Ekainaren 10era arte egongo da ikusgai.
Aurrekoan Chillidaren obra erakutsi zuten artista irundarrarenarekin batera, orain adiskidetasunak eta Bidasoak lotzen dituen bi artista hauen lanak elkartu dituzte Menchu Gal margolariarenak eta Oteiza eskultorearenak.
Oteiza eta Gal bi artistak ezagutu zituen Iñaki Moreno Ruiz de Eguinok komisariatu du erakusketa hau. Plastikoki oso bide ezberdinak egin zituzten bi artista hauek, beraien arteko loturarik handiena adikidetasuna eta lurraldearekin, hau da Irunekin, duten lotura da. Menchu jaiotzez irundarra zen eta Madril eta Irun artean ibili zen joanetorrian, eta Jorge Oteiza Ameriketatik itzuli eta Madrilen izan eta gero, Irunen bizi izan zen 15 urtez.
Joan den mendeko 50eko urteetatik 60koetara bitarteko bi artisten obrak hautatu dituzte, biak ere garapen plastiko nabarmena ezagutu bait zuten garai horretan.
Alzuzako Jorge Oteiza Museoa Fundazioak utzitako Oteizaren obrak, 31 marrazkiko serie bat eta 8 eskultura, Irunen bizi zen garaian egindakoak dira eta Menchu Galek egindako beste hainbeste pintura fresko eta ederrekin konpartitzen dute espazioa.