Artea
Milioi 1 euro
Duela 500 urteko triptiko gotiko bat, enkantean Bilbon
18:30ean izango da enkantea eta milioi bat euroko hasierako prezioa izango du. Egurrean egindako olio-pintura da eta Lekeitioko familia batena da.
Duela 500 urte egindako triptiko gotiko flamenko bat enkantean jarriko dute 18:30ean Bilbon. Lekeitioko familia batena da eta hasierako prezioa milioi bat eurokoa da, Alvaro Jubera enkantegileak jakinarazi duenez.
Egurrean egindako olio-pintura bat da eta 1480 eta 1490 urteen artean egin zuten. Egilea Brujasko margolari ezezagun batena da, "Santa Luziako kondairako maisua" eta Madrileko Thyssen museoan dagoen "Errukiaren Triptikoa" lanaren antzekoa da, baina handiagoa.
Nicolás Ibáñez de Arteita armadore ezagunakk enkarguz eskatu zuen triptikoa, XV. mendearen azken laurdenean. Emailea eta bere emaztea alboko tauletan ageri dira, garaian ohikoa zen moduan.
Lekeitioko familia batena da triptikoa, esan bezala, interes kulturaleko ondasun bezala dago izenpetuta eta ezin da esportatu. Hortaz, Espainian saldu behar dute triptikoa eta milioi bat euroko hasierako prezioa ohikoa baino baxuagoa da. Enkantegileen arabera, nazioarteko merkatuko salneurria "zazpi edo zortzi aldiz handiagoa" izango litzateke.
Juberak jakinarazi duenez, "duela asko ez dela horrelako pieza gotiko bat salgai jartzen, baina Espainiako merkatuan oinarritu behar garenez, ez dago jende askoren eskura. Eroslearen perfila instituzio bat, museo bat edota bildumagile bat izan behar da, baina oso gutxi daude".
Bilboko Subastas XXI-n egingo dute enkantea, 18:30ean. Enkante berean Ignacio Zuloagaren "El garrochista" margolana salduko dute. Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai izan zen eta bilduma partikularrena da. 275.000 euroko hasiera prezioa du.