Itxi

Artea

Otsailak 23-27

Bi euskal galeria, Arcomadrid azokan

N. V. | EITB Media

185 erakusketarik hartuko dute parte arte garaikideko Madrilgo azokan. Euskal galeriez gain, beste hainbat galeriak euskal artisten lanak erakutsiko dituzte.

  • Alain Urrutia bizkaitarrak Arco azokan erakutsiko duen lanetako bat

    Alain Urrutia bizkaitarrak Arco azokan erakutsiko duen lanetako bat

Bi euskal galeriak hartuko dute parte, gaur hasi eta hilaren 27ra arte, Arcomadrid azokan, Carreras Múgica bilbotarrak eta, Opening by Allianz sailean, Cibrián donostiarrak. Azken horrek Esther Gatón eta Susan Cianciolo artisten lanak eramango ditu Madrilera; Carreras Múgicak, June Cresporen lana, besteak beste.

Gainera, Maab Gallery italiar galeriak Alain Urrutia euskal artistaren lanak erakutsiko ditu, Giorgio Morandik (Bologna, 1890-1964) italiar margolariarenekin batera, maisu handietako baten eta margolari gazte baten lanen arteko asonantziak eta marruskadurak islatzeko.

Gainera, José de la Mano madrildar galeriak, iaz Ibarrolaren "Guernica" erakutsi eta saldu zuenak, ere hainbat euskal artistaren lanak erakutsiko ditu, hala nola Ines Medina, Oteiza, Ibarrola bera, Nestor Basterretxea.

Tabakalerak jakinarazi duenez, Nora Aurrekoetxea, Gala Knörr, Juan Pérez Agirregoikoa eta Nadia Barkate, Tabakaleraren beraren arte programetan parte hartu duen lau artista, ere zenbait galeriaren erakustokietan ordezkatuta egongo dira.