Itxi

Artea

Sariak

Gure Artea saria, Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni argitaletxearentzat

N. V. | EITB Media

Herrerok ibilbidea aitortzeko saria jasoko du; Aurrekoetxeak, sorkuntza lanaren omenezkoa eta Conssonik, arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzekoa. Udazkenean emango dizkiete, Tabakaleran.

  • Herrero eta Aurrekoetxea (erdian) eta Connsoniren ordezkariak, atzean. Argazkia: Irekia.

    Herrero eta Aurrekoetxea (erdian) eta Connsoniren ordezkariak, atzean. Argazkia: Irekia.

Mari Puri Herrerok, Nora Aurrekoetxeak eta Consonni argitaletxeak jasoko dituzte aurten Gure Artea sariak, Damaris Panek, Fernando Perezek, Jesus Mari Lazkanok, Maite Garbayok eta Mikel Lertxundik osatutako epaimahaiak hala ebatzita.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu gaur goizean, Gasteizen, arte plastiko eta ikusizkoen arloan ematen diren saio hauen irabazleen izenak.

Ibilbide artistikoa aitortzeko saria Mari Puri Herrerorentzat izango da; sorkuntza lana aitortzeko saria, Nora Aurrekoetxearentzat eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria, Consonni Bilboko argitaletxearentzat.

Sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saridunak hamazortzina mila euro jasoko dituzte, eta ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak 20.000 euro jasoko ditu aurten, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo dute Donostian, Tabakaleran.

Epaimahairen ebazpena

Jesus Mari Lazkano buru izan duen epaimahaiaren arabera, Mari Puri Herrero artista bilbotarraren "obra zabalak" eta bere "kalitate artistiko bikainak" merezi dute aitortza. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egina du Herrerok, eta, epaimahairen iritziz, "jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da —margolaria, grabatzailea eta eskultorea— eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago".

Ebazpenaren arabera, "bere sorkuntza lanak mundu kezkagarri bat islatzen du, mehatxuz eta itxura faltsuz betea, eta erreala eta fantastikoa bat eginda sumatzen dira bertan. Marrazkia eta kolorea menderatzen dituen moduak, konposizioaren orekak eta gainezka egiten duen irudimenak bere ibilbidean zehar berrinterpretatu izan duen ikonografia pertsonal bat sortzea ahalbidetu diote".

Nora Aurrekoetxeari buruz, hau esan dute: "Egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da. Bere lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina desberdinak (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren. Eskulturaren arloan, nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horietan hainbat lengoaia uztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak —gehienak, berak sortuak, baina beste batzuk, eraldatuak edo testuingurutik ateratakoak—, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jarriak, eta gorputzek arkitekturarekin duten harremana aztertzera ez ezik, zeinu eta keinu erritualak edo egunerokoak osatzera ere eramaten dutenak. Hala ere, azterlan horren emaitzek saihestu egiten dute ondorio itxiak ateratzea, askotariko esanahiak eta irakurketak eragiteko asmoz".

Consonniri buruz, epaimahaiak azpimarratu du "kultura kritikoaren ekoizpena" dela horren esentzia.

1996an sortu zuten Consonni, eta, epaimahaiaren hitzetan, "kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan ekoizten du. Artea eremu hedatu gisa hartuta —literatura, irratia edo hezkuntza—, ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen, haiekin lotura konplize eta estuan, baita prozesuen koiunturazko zirkunstantzietan laguntzeko ere, pentsatzeko, elkarrekin egiteko, ekoizteko, laguntzeko, erakusteko, artxibatzeko eta erlazionatzeko kode bat sortuta".