Artea
Erakusketa
'Topaketa berankorrak' aurkeztu du Elena Asins-ek, Donostian
Menhir batzuk ardatz dituen erakusketa Koldo Mitxelena Kulturunean egongo da ikusgai irailaren 22ra arte.
Elena Asins artista madrildarrak “denboraren eta gaur egunera ekarritako iraganaren gaineko hausnarketa” egiten du menhirren inguruko eskultura erakusketa baten bidez. Irailaren 22ra arte egongo da.
Artistak “Topaketa berankorrak” erakusketa aurkeztu du Koldo Mitxelena Kulturunean. Bere azken lanak bildu ditu bertan. Erakusketaren ardatza, hain zuzen, aretoaren erdigunean dagoen eskultura-ilara bat da, 40 menhirrez osatutakoa. Ebaki berdina dute guztiek aldeetako batean.
Asinsen esanetan, "ebaki horri irudizko lauki batek eragiten du, bertan hutsunea sortzeko hustu egiten baita azalera baten lau zati eta horren atzealdearen erdia".
Artistak, besteak beste, Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina (2006), Arte Plastikoen Saria (2011), eta La Caixa Fundazioaren Artea eta Mezenasgoa saria (2012) jaso ditu.