Itxi

Artea

Otsailak 10 - maiatzak 28

Miroren errealismo magikotik "Konstelazioetarako" bidaia, Guggenheimen

N. V. | EITB Media

"Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945" erakusketa aurkeztu du gaur Bilboko museoak, kataluniar margolariaren ibilbidearen 25 urteri buruz.

0:43
Joan Miro artistari buruzko erakusketa, Guggenheim museoan. Irudia: EITB Media.

Guggenheim Bilbao Museoak "Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945" aurkeztu du, margolari katalanak 1920 eta 1945 artean egindako ibilbidea aztertzen duen erakusketa.

Miroren (Bartzelona, 1893–Palma, 1983) obraren funtsezko aldi horren mugarriak Parisera egindako lehen bidaia eta "Konstelazioak" saila dira, museotik azaldu dutenez.   

Joan Miroren obran, berrikuntza formalak goraipatu izan dituzte kritikariek, lehen abangoardien testuinguruan garatuak, batez ere dadaismoaren eta surrealismoaren inguruan, eta espresionismo abstraktuaren aitzindaritzat ere hartzen da artista.

Mirok abstrakzio puruaren ideia eta errealismo tradizionala baztertzen zituen, eta adierazi zuen bere obretan margotzen zituen marka guztiak zerbait zehatzarekin zetozela bat.

1918 eta 1920 urteen artean, Mirok "detailistak" deituriko obrak margotu zituen, fintasun eta kontzentrazio handia nabari duten lanak. Mirok, errealitatea doitasunez irudikatu beharrean, paisaiek eragiten zizkioten emozioak margotu zituen; hasierako garai hartakoa da, esaterako, "Autorretratua" (1919).

Autorretratua, 1919. Argazkia: © RMN-Grand Palais (Musée national Picasso-Paris)/Mathieu Rabeau

Autorretratua, 1919. Argazkia: © RMN-Grand Palais (Musée national Picasso-Paris)/Mathieu Rabeau

1923an, Mirok bere lagun J. F. Rafolsi idatzi zion garai hartan margotzen ari zen paisaia berriei buruz hitz eginez: "Lortu dut naturatik behin betiko askatzea, eta paisaiek jada ez dute inolako zerikusirik kanpoko errealitatearekin".

Miroren 1920ko hamarkadaren erdialdeko koadroek egitura narratibo logiko oro suntsitzen dute, museotik azaldu dutenez, eta "badirudi gainazaletatik sakabanatuta ageri diren elementu urriak inprobisazioaren emaitza direla, baina haiek prestatzeko zirriborroek kontrakoa frogatzen dute". 

1930eko hamarkadan, espresionismoa bilakatu zen Miroren obraren ezaugarri nagusia: "irudi izugarriak ageri dituzte espazio anbiguo eta kezkagarrietan, ziurrenik Espainiako Gerra eta Bigarren Mundu Gerra ekarri zituen egoera politikoak artistari eragiten zion hersturaren eta kezkaren isla". 

1940ko urtarril eta 1941eko iraila bitartean, Mirok 23 "Konstelazioak" egin zituen. Pintura horiek Mirok sortutako zeinu-lengoaiaren ahalmenaren maila gorena adierazten dute, eta enfasi berezia jartzen dute irudimenean eta intuizioan, baita adierazpide jatorrizko eta unibertsal bat aurkitzeko borondatean ere. 

Emakumea eta txoriak (Femme et oiseaux), 1940. © Sucesió Miró, 2022

Emakumea eta txoriak (Femme et oiseaux), 1940. © Sucesió Miró, 2022