Artea
Aurrerapena
Picassoren eta Tapiesen erakusketak izango dira Guggenheimen 2013an
Datorren urtean, Frantzian Bigarren Mundu Gerran izan zen arteari buruzko erakusketa ere izango da. Gainera, Euskadirekin lotura duten hainbat artistaren lanak ere izango dira ikusgai.
-
David Hockney Guggenheim Bilbao museoan. Argazkia: EITB
Frantzian Bigarren Mundu Gerran egin zuten artea, “Picassotik Dubuffetera” izenpean, eta Tapiesen inguruko erakusketa izango dira 2013an Bilboko Guggenheim museoan gozagai, zentroaren patronatuak aurreratu duenez.
Aurten, ekainaren 13ra arte, 372.050 lagunek bisitatu dute museoa; iazko datuaren oso antzekoa da.
Patronatuaren bileran, 2013ko programazio artistikoa jakinarazi dute, tartean aldi baterako lau erakusketa eta museoaren bildumako bi aurkezpen. Aldi baterako erakusketei dagokienez, "Gerrako artea. Frantzia 1938-1947: Picassotik Dubuffetera" izango da udaberrian eta udan.
Parisko Arte Modernoko museoarekin elkarlanean egindako erakusketa izango da, eta Frantziako ekoizpen artistikoaren inguruko ibilbidea eskaintzen du, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan. 120 artistaren 400 lan izango dira, tartean Pablo Picassorenak, Henri Matissenak, Pierre Bonnardenak, Marc Chagallenak, Vasily Kandinskyrenak, Jean Fautrierrenak edota Alberto Giacomettirenak.
Udako hilabeteetan "Barroko Bizia. Cattelanetik Zurbaranera" erakusketa izango da ikusgai, Pieter Aertsen, Valentin de Boulogne eta Jacob Jordaens bezalako artisten lanekin, eta baita Nathalie Djurberg, Maurizio Cattelan eta Oscar Tuazon garaikideenekin ere. Zuricheko Kunsthausekin elkarlanean egingo dute eta Bice Curiger izango da komisarioa.
Udako hilabeteetan "Barroko Bizia. Cattelanetik Zurbaranera" erakusketa izango da ikusgai, Pieter Aertsen, Valentin de Boulogne, Jacob Jordaens eta gisa horretako beste hainbat artistaren lanekin, baita Nathalie Djurberg, Maurizio Cattelan eta Oscar Tuazon garaikideenekin ere. Zuricheko Kunsthausekin elkarlanean egingo dute, eta Bice Curiger izango da komisarioa.
Antoni Tàpies protagonista izango da udazkenean, 60ko hamarkadatik hasi eta 2002 urtera bitarteko lanekin. Horrela, duela gutxi hildako artista katalanari omenaldia egingo dio Bilboko Guggenheim museoak. Urteko azken erakusketa Euskadirekin lotura duten hainbat artistaren lanekin etorriko da, baina ez dute jakinarazi zein artista izango dire horiek.
Guggenheim Bildumen aurkezpenei dagokienez, urtarriletik aurrera Cy Twomblyren eta Georg Baselitzen lanak izango dira ikusgai. Urte amaieran, "Guggenheim Bilbao Museoaren Aukeraketa IV" bildumak 90eko hamarkada izango du aztergai, Juan Muñoz, Miquel Navarro, Cristina Iglesias, Miquel Barceló edota Susana Solano, besteak beste, izango baititu ikusgai.