Itxi

Artea

Liburua

"Hondalea"ko argazki eta hausnarketen liburua aurkeztu dute

N. V. | EITB Media

180 orrialdeko lanak argazkiak eta, besteak beste, James Lingwood, Lisa Le Feuvre, Penelope Curtis eta Beñat Sarasolaren testuak biltzen ditu.

  • "Hondalea" liburua

    "Hondalea" liburua

"Hondalea" Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara uhartean egindako proiektu artistikoa inauguratu eta bi urtetara, donostiar artistak "Cristina Iglesias – Hondalea" liburua argitaratu du Hatje Cantz argitaletxearen eskutik.

180 orriko liburuan, argazkiak eta zenbait pertsonaren testuak ageri dira, hala nola James Lingwood Plentziako itsas estazioko zuzendariordea, Manuel Soto itsas biologo eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren egungo zuzendaria, Asier Hilario geologoa eta Carlos Duarte ozeanografian aditua.  

Artearen aldetik, idatzi dute Lisa Le Feuvre idazle eta editoreak, Penelope Curtis Fundacao Calouste Gubelkian Lisboako elkarteko zuzendari eta Tate Britaingo zuzendari ohiak eta Russel Fergusson UCLA Los Angeleseko unibertsitateko Arte Departamentuaren presidenteak.  

Gainera, Beñat Sarasola idazleak ere hartu du parte liburuan. Hain zuzen ere, Iglesiasek gaurko aurkezpenean azaldu duenez, Sarasolarekin elkarrizketan aritu zen "sakontasun eta itsasertz kontzeptuaz", eta hausnartu zuten "euskaratik nola aurki genezakeen hitz bat itsasoaren osinak adierazteko adina sakontasun izango zuena eta interpretazioetarako irekita zegoena".

Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri du aurten, lehenengo aldiz, "Hondalea" Aste Santuan ere egongo dela irekita, apirilaren 1etik 16ra, orain arte ekain, uztail, abuztu eta irailean irekita egon bada ere.