Artea
Erakusketa
Boteroren lanaren atzerabegirakoa, Bilbon
Kolonbiako artistak bere bildumako 79 margolan erakutsiko ditu Bilbon. Artistaren kezkak, ibilbidea eta pasioak ageri dira.
Fernando Botero artista kolonbiarraren 79 margolan Bilboko Arte Ederren Museoan daude ikusgai. Artistaren bildumako margolanak dira eta bere kezkak, ibilbidea eta pasioak ageri dira.
Bilboko Kale Nagusian Boteroren brontzezko zaldi erraldoi bat jarri zuten irailaren 20an, tona eta erdiko pisuarekin. Horrela, Boteroren 80 lan daude ikusgai Bilbon, artistak 2012an ospatuko dituen urteak, hain zuzen ere.
Mexikon ikusgai izan dena baino erakusketa handiagoa da Bilbokoa. Mexikon 250.000 ikusle izan ditu.
Kolore biziz osatutako estilo berezia du, forma markatuekin, pertsonaia haragikoiekin. Gizarteari kritika garratza eta xaloa egiten dio era berean, eta nazioarteko gaiei zein gai politikoei tartea egiten die.
Urtarrilera arte izango dira ikusgai eta hainbat gaitan sailkatuta daude margolanak: 1948an hasi zuen ibilbide profesionala eta hasiera lan horietan ez zuen lengoaia bisual propiorik eta beste artisten influentziak ageri dira.
Gero, Latinoamerikako gaiak azaltzen dira, haurtzaroko oroitzapenekin eta ospakizun tradizionalekin. Gainera, Kolonbia azken hamarkadetan astindu duen biolentziari kritika politikoa egiten dio.
Beste areto batean pertsonaia erlijiosoak eta zirku munduko protagonistak ageri dira, umorez beteta. Artearen historiako maisu handien erretratuen bertsioak ere Bilbon izango dira. Gerraren izugarrikeria eta torturaren kondena ere triptiko batean ageri dira erakusketan.
Gainera, erakusketara doazen bisitariek tauromakia hizpide duten margolanak ere ikusgai izango dute eta azken aretoa natura hilei eskaini diote.