Itxi

Artea

'Guggenheim Horma'

Alain Urrutiaren ikatz-marrazkiak, Guggenheimen ikusgai

Artista bilbotarrak 'II. Kapitulua; Distopia (Chapter II; Dystopia)' lana Guggenheim museoaren 103B aretoan erakutsiko du, azaroaren 11ra bitartean eta 'Guggenheim Horma' proiektuan.

  • Alain Urrutia. Argazkia: Guggenheim Bilbao

    Alain Urrutia. Argazkia: Guggenheim Bilbao

Bilboko Guggenheim museoak Alain Urrutia artista gaztearen lana erakutsiko du. Formatu handiko ikatz-marrazkiak dira, irudi lausotuekin eta paperean eginak.

Erakusketa-proiektuak ikuslearen behaketa-gaitasuna aztertzen du; izan ere, irudien kokatzeko era berezi horrek (ordenarik gabekoa) irakurketa zailtzen du, baina are nahasten du marrazkion tamaina handiak. Eguneroko gertakizunen irudiak dira, eta elkarren artean ez dute loturarik; nolanahi ere, film baten sekuentzia baten moduan antolatu ditu artistak. Hortaz, ikuslearentzat erronka da hiru marrazki horien arteko zerikusia, baita artistaren irudi-lengoaia ere, ulertzea.

Alain Urrutia “Guggenheim Bilbao Horma” lehiaketan aukeratutako bost artistetako bat da. Lehiaketa hori martxoaren 12an saritu zen, eta orotara 75 proposamen aurkeztu ziren. 2012an Museoko 103B aretoko horma batean (20,6 x 5,9 m) honako hauen lanak jarriko dira ikusgai hilabete batez, hurrenez hurren: Eduardo Hurtado, Álvaro Gil, Zuhar Iruretagoiena, Alain Urrutia eta Irantzu Sanzo/Cristian Villavicencio. Lehen hiruren lanak dagoeneko ikusgai izan dira, eta Alain Urrutiaren txanda da honakoa: urriaren 16tik azaroaren 11ra egongo da haren lana erakusgai.