Artea
'Margolariaren kabinetea'
Frans Francken Gaztearen lana, Bilboko Arte Ederren Museoan
1663 urtekoa da 'Margolariaren kabinetea' olioa eta 'Loreontzia tulipekin' lanarekin batera izango da museoan, urtarrilera arte.
-
Frans Francken Gaztearen 'Margolariaren kabinetea', Arte Ederren Museoan. Argazkia: EITB
'Lan Gonbidatua' programaren baitan Bilboko Arte Ederren museoak Frans Francken Gaztea artista flandiarraren margolan bat aurkeztu du, 'Margolariaren kabinetea', hain zuzen ere. 1663koa da eta 'Loreontzia tulipekin' margolanarekin batera izango da ikusgai museoan, urtarrilera bitartean.
Frans Francken Gaztearen lanak margolari baten aretoa erakusten du, diseinu klasikoarekin eta arkitektura noblearekin. "Paretetan margolan ezagunak daude eta bildumagile baten egonaldia azaltzen da", Javier Viar Arte Ederren Museoaren zuzendariak azaldu duenez.
Balio artistikoaz gain, 'Margolariaren kabinetea' margolanaren "balio dokumentala" goraipatu du Viarrek, izan ere, bertan azaltzen diren margolan asko "benetakoak dira eta Louvre museoan ikusgai daude", esan duenez.
Barnealdeko margolan horren jatorria "mundua ezagutzeko eta gauza ederrak biltzeko" nahian dago, Arte Ederren museoaren zuzendariak esan duenez. XV eta XVII mendeetan hasi zen mugimendu hori eta XVII. mendean etorri zen puntu gorena. "Hasieran, naturatik zetozen elementuak aurkitzen ziren kabineteetan, baita animalia disekatuak, gauza artifizialak eta historikoak, Greziako eta Erromako hondarrak, kasu. Azkenik, artelanak azaltzen dira".
Biluzik ageri den emakume bat ikusi daiteke lehen planoan, eskuen artean estalki gorri bat duelarik eta bola baten gainean ageri da. "Zoriaren ezegonkortasunaren sinboloa izan nahi du eta gizakiaren zorte aldakorrari dagokio, eta agian artistarenari ere, azaldu dute adituek.
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Arte Ederren Museoaren zuzendariari lagundu dio Lan Gonbidatuaren aurkezpenean eta 'Margolariaren kabinetea' eta 'Loreontzia tulipekin' lanek "bikote ezinhobea" egiten dutela adierazi du. Horrela, Bilboko Arte Ederren museoa "gero eta anitzagoa eta diziplina askotarikoa" dela azpimarratu du.
Arte Ederren Museoaren 12. aretoan izango da ikusgai Lan Gonbidatu hori, 2013ko urtarriaren 6ra arte.