Itxi

Bertsolaritza

Txapelketaz, lankideekin

BILBAO-VANCOUVER-BILBAO

Jon Artano Izeta

2009rako Hitzetik Hortzeran ari nintzen. Txapelketa zoragarria izan zen. Eta hurrengo urteak ere bai. Mila oroitzapen. Adibidez 86ko finalistak, mende laurden geroago, Belodromoan bildu genituenekoa.

2013/07/04, 07:00. Vancouver-era abiatu naiz Bilbotik, besteak beste, bertsoetako familia atzean utzita. Lau hilabete eta hamazazpi egun geroago eitb.com-en ari den lagunaren  mezua, txapelketaz idaztea eskatuz. Eta bila hasi naiz memorien almazenean

1986koaz ez dut oroitzapenik; 89koaz bai, gure urtebetetze eguna zelako. Akordatzen naiz baserrian aplikatu ginela eta irratitik entzun genuela zerbait, eta JuanMiel gure osabaren barre-txiki maltzurraz oroitzen naiz, nola esan zuen: "Aurtengoan zaharrari ez ziok alde egingo!". Garai hartan Jon Lopategi nor zen ez nekien. Gero ordea anaia eta biok final hartako bertsoak buruz ikasi genituen ia, herriko zapatariak utzitako kaseteak entzunaren entzunaz.

2013/09/29, 08:25. Mantapetik eskua atera eta bezperan propio mesanotxean utzitako ordenagailua piztu dut. www.bertsoa.com. Lagunak ikusi ditut lanean. Hasi dira bertsolariak ere. Astez aste gozatu dut. Zenbat bertsoaldi bikain!

1993koan ez nintzen izan baina anaiak Belodromotik ekarri zuen lilura kontagiatu zidan. 97an, gure langun-luadrilan interes handirik ez eta, azpeitiarrekin joan ginen anaia eta biok autobusez, Jokin Urangaren zirtoez akordatzen naiz. Egun hura shock-a izan zen niretzat, ...sorgindu egin ninduten bertsolariek.

2013/11/30, 14:10. Eslovakiar 1, poloniar 1, 4 japoniar, 4 korear, 3 tailandiar, taiwandar 1, 3 mexikar, 3 brasildar, alemaniar 1 eta kanadar 1 –irakaslea–. Ikasgelan bertsolari txapelketaz aurkezpena egin dut. Bost minutu nituen hitz egiteko. 7 minutu eta 10 segundo behar izan ditut. Bukatzeko bertsoa kantatu dut. Ingelesez. Now/somehow/eye-brow/wow!/ciao. Txalo zaparrada. Hire pare ia Xabi Paya!

2001eko finaletik buruz-burukoa dut akorduan, aulkian eserita ezin e(u)tsi eta jaiki egiten nintzela txalo jotzera emozioaren emozioz. Orduan xelebrea zen hori egitea, aulkitik jaikitzea alegia. Aztertzekoa litzateke urte gutxian emozionalitatea kanporatzen bertsozaleok egin dugun jauzia.

2013/12/01, 08:30. Maulekoa, azkenaurrekoa. Ez dago publikoaren planorik ezagunik harrapatzen ez duenik. Domaia Unai Agirrerena. Mantxi eta biekin asko gozatu dut aurten. Dura lex sed lex.

2005ekoaz ez dut ahaztuko Donostiako finalaurrekoan nola sarrerarik gabe geratu nintzen, nola itxi zizkiguten Atano III.eko ateak muturren aurrean. Orain grazia egiten dit baina orduan... orduan amorrua eta lotsa, horixe sentitu nuen.

2013/12/02, 20:00. Commercialen dagoen Cafe deux Soleils clubean poesia inprobisatua egiten dutela esan dit lagunak. Ordubete lehenago joan behar dela lekua hartzeko. Asteon izan naiz aurrenekoz. Ez da azkena izango. 1995eko udazkenetik astelehenero egiten da Vancouver Poetry Slam-a. Gutxi du inprobisaziotik, baina bikaina da eta paralelismo asko egin daitezke gurearekin.

2009rako Hitzetik Hortzeran ari nintzen. Txapelketa zoragarria izan zen. Eta hurrengo urteak ere bai. Mila oroitzapen. Adibidez 86ko finalistak, mende laurden geroago, Belodromoan bildu genituenekoa. Grabazio aurretxoan Jon Sarasua eta Andoni Egaña luzera jauzian zein gehiagoka, denak emanda. Bestea, akorduan dudana, 42 urtez 'galdua' egon zen dokumentala ikusi nuenekoa. Zestoako gizon baten egoskorkeriak erreskatatu zuen Pio Caro Barojak 1967ko finalaz egindako pelikula TVEko katakunbetatik. Zestoako gizon horren etxeko 'komedorean' ikusi nuen Xalbador kantua eten eta listua tragatzen.

2013/12/05, 01:33. 175€ko broma. Zertan pentsatzen ote nengoen hegaldia hartu nuenean!? Lehendik ez neukan aginaldoa joan zait bueltarako data finala baino lehenagora aldatzen. Eskerrak sarrera aspaldi erosia nuena.