Itxi

Bertsolaritza

Txapelketaz, lankideekin

Ura eta olioa

Aitzol Barandiaran

Bertsoaz maitemindu zintuen sentipen hori delako lau urtean behingo udazkenetan loratzen dena. Eta ezin da hitzez azaldu. Bestela ximeldu egingo litzateke.

  • Aitzol Barandiaran

    Aitzol Barandiaran

Astebete baino gutxiago falta da igande goizeko hamaikak jo, BECeko ateak zabaldu eta makro-kontzertu, beherapen garai edo haur-jolas erraldoi bat bailitzan jendea aulkiaren bila korrika, saldoka, itsumustuan sartzen hasteko. Zuen tokietara. Prest. Bang!

Kazetari onaren eta Bertsozale hobearen eskuliburuari hautsa kenduz eta beroketa ariketak egiten harrapatu naute Finalaren aurkezpen ekitaldi eta elkarrizketek. Eta, zer esango dut bada… Talde-euforia bizi aurreko bakardadea diagnostikatu diot neronek neure buruari.

Finalean kantatzeko ilusioa eta ahala erakutsi duten bertsolari sailkatu gabeez oroitu naizelako. Historiako lehendabiziko txapelketei Gudu deitzen zitzaielako. Hamarretatik zortzitan epaileen iritziekin bat ez natorrelako. Txapela erdibanatu edo eman gabe uztea ez delako dagoeneko posible. BECeko ateak hatz mamiekin ukitu dituen Unai Agirrez oroituko naizelako. Artea ura bada, Txapelketa olioa delako. Jon Maiak zuzenean sailkatua behar lukeelako. Zenbaiten diskurtso lehiakor eta gerra hiztegiak arrotz zaizkidalako. Sarrerarik gabe geratu diren zaleek etxetik ikusi beharko dutelako. Tabernetan porrak egin dituztelako. Zortzitik sei buruz burukora sailkatu ez eta zazpigarrenari txapela janztea ukatuko zaiolako.

Eta hala ere, eta horregatik, olatuarena egiten amaituko dudalako.

Izan ere, ezin da hitzez azaldu Txapelketa Nagusiko Finalean bizi ohi dena. Biziko dena. Duguna. Ezin da arrazoia erabiliz azaldu zergatik maitemindu zaren Unaiz hiru habanerak irauten duten denboran edo zer dela eta jausi zaizkizun lau malko Ametsen bakarkakoarekin, eta zortzi Maialenek txapela jantzi duenean. Ez dakizu zergatik sentiarazten zaituen hain txiki, hain harro, hain berezi hizkuntzarekin jolastuz gozatzen duen komunitate honen zati izateak. Ezin da hitzez azaldu zergatik ikasiko dituzun Beñatek abestuko dituenak eta zergatik dakizkizun dagoeneko buruz Joxe Agirre Oranda-k orain lau urte kantatu zituenak. Ez dakizu.

Bertsoaz maitemindu zintuen sentipen hori delako lau urtean behingo udazkenetan loratzen dena. Eta ezin da hitzez azaldu. Bestela ximeldu egingo litzateke.