Bertsolaritza
Bertsolaritza
Generoa hartuko du ardatz Bertso Egunak, larunbat honetan
Erredakzioa
Larunbat honetan ospatuko da Donostian, berrogeita bosgarren aldiz, Bertso Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu du Bertsozale Elkarteak bertsozaleen urteko festarako.
Larunbatean Donostian egingo den Bertso Eguna 2014ko egitaraua aurkeztu dute gaur. "Azalera" lelopean, generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren sakoneko gaia, eta 55 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartuko dute parte goizetik gauera egingo diren hiru ekitaldi nagusietan.
Azken urteotan bezala, Bertso Egunak formatu ezberdinetako saioak eskainiko ditu egun osoan zehar Donostian. Egunari hasiera emateko, 12:00etan, bertso-poteoa abiatuko da Alde Zaharreko kaleetan barna.
18:00etan, jaialdi nagusia egingo da Kursaalen. Bertan, 12 bertsolarik kantatuko dute: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga. Iraia Eliasek aurkeztuko du jaialdia, arratsaldeko emanaldiaren zuzendari artistikoak.
Saioan, beste artista hauek ere hartuko dute parte: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Monterok saxo-jotzaileak, Allarte oihal eta dantza taldeak, eta Maddi Oihenart abeslariak.
Egunari amaiera emateko, 700 lagunentzako afaria eta afalosteko "saio ganberroa" izango dira. 22 lagunek hartuko dute parte afalosteko saioan, eta Laket taldearekin erromeria izango da jarraian. Aurten, lehen aldiz, afaria Manteo kiroldegian egingo da.
Sarrerei dagokionez, Kursaalen 1.800 ikuslerentzat jarriko da lekua, eta azken 350 sarrerak salgai daude Bertso Sarrerak webgunean. Afarirako, 700 lagunentzat egokituko da Manteo kiroldegia, eta 200 sarrera eskuragarri daude oraindik aipatutako atarian. Sarrerak lehendik agortzen ez badira, larunbatean bertan leihatilan jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera. Kursaaleko auditorioan sartzeko, ateak 17:00 irekiko dira, saioa hasi baino ordubete lehenago.
Bertso Egunera hurbiltzerik ez duten bertsozaleek telebistaz ikusteko aukera izango dute. ETB1ek arratsaldeko saioa osorik eskainiko du larunbatean bertan, 22:00etan.