Bertsolaritza
Bertsolaritza
Bizkaiko zazpi eskualdeetako bertsolari gazteak, XII. BBK Lehiaketan
Erredakzioa
Martxoaren 11n hasita, 50 bertsolari lehiatuko dira martxoaren 28ko finalaren bila. Bi adin-mailatan banatuko dira: 18 urte artekoak, eta 18 eta 24 urte artekoak
Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Lehiaketaren XII. edizioa hasiko da astearte honetan, martxoaren 11n, eta lurraldeko zazpi eskualdeetako 50 bertsolarik osaturiko zazpi talde lehiatuko dira. Parte hartuko duen talde bakoitzak gutxienez sei kide izango ditu, eta eskualde jakin bat ordezkatuko du, hau da, Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe (Eskuinaldea), Enkarterri eta Durangaldea, iazko edizioan irabazlea.
Txapelketa gaur goizean aurkeztu da BBK Aretoan, Bilbon, eta bertan izan dira Jone Narbaiza, Bizkaiko Bertsozaleak elkartekoa, Juanjo Respaldiza, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, eta Arkaitz Estiballes, Bizkaiko bertsolari txapelduna.
Lehenengo sei taldeak hiru saiotan lehiatuko dira, martxoaren 11n, 12an eta 18an Markina, Zalla eta Algortako ikastetxe eta kultur etxeetan. Finalerdiak martxoaren 19an eta 25ean izango dira, Durangon eta Igorren, hurrenez hurren, eta Durangaldea automatikoki igaroko da fase honetara aurreko edizioaren irabazle bezala. Final handia martxoaren 28an izango da, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Bertsolari Gazteen BBK Lehiaketan parte hartuko duten gazteak bi adin-mailatan banatuko dira: lehenengoan 18 urte artekoak, eta bigarrenean 18 eta 24 urte artekoak.
Sariei dagokienez, 2.000 euro baino gehiago banatuko dira, eta lehen sariak 1.260 euro izango ditu talde txapeldunarentzat. Bigarren saria 900 eurokoa izango da, eta 140 euro emango zaizkio bizkaierarik onena erabiltzen duen bertsolariari. Txapelketak, gainera, beste 3.780 euro banatuko ditu parte hartzen duten bertsolari guztien artean, dieta legez.