Itxi

Bertsolaritza

‘Bertsolaritzaren sekretuak’

'XIX. mendeko emakume bertsolariei ahotsa eman nahi diegu'

Natxo Velez | eitb.eus

Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena “Xenpelar” 1865ean jaiotako bertsolariaren bizimodutik abiatuta, orduan bertsotan egin zuten emakumeen lana argitara dakar “Bertsolaritzaren sekretuak” lanak.

  • 'Ikusleak tarte batean, behintzat, gaiaren inguruan gogoeta egitea' du helburu lanak

    'Ikusleak tarte batean, behintzat, gaiaren inguruan gogoeta egitea' du helburu lanak

Historian izandako emakume bertsolarien lanak zailtasun handiak izan ditu guregana heltzeko; beraien bertsoak erre, gorde, isildu… egin dira, baina batzuk, trabak traba, gorde egin dira, eta “Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia” lana bertso galdu horien oihartzuna anplifikatzera dator.

Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, Xenpelar zenaren iloba, abiapuntu hartuta, gaur, apirilak 24, Imanol Larzabal aretoko (Lugaritz Kultur Etxea) agertokiak isilduriko emakume bertsolarien lana eguneratuko du, musikaren, narrazioaren eta, noski, bertsoaren bultzadaz. "Gaur egun ezagutzen ez dugun historiaren parte hori ezagutarazi eta zergatik ezagutzen ez dugun galdetzea" da ikuskizunaren helburua.

Ikuskizuna 21:00etan hasiko da, eta Jokin Labayen bertsolariak haren inguruko zertzelada batzuk eman dizkigu elkarrizketa honetan:

Zer eszenografia du “Bertsolaritzaren sekretuak” lanak? Nola taularatzen duzue ikuskizuna?

XIX. mendeko emakume bertsolariei ahotsa eman nahi dien ikuskizun bat da. Horretarako, mende hartara salto egingo dugu, eta haietako batzuen bizimoduak, anekdotak eta bertsoak eskainiko ditugu, ordubetean. Horretarako, narrazio bidez, emakume horiek aurkeztuko dira, musikarekin lagunduta, eta bi aktorek haien anekdotak antzeztuko dituzte.

Jokin Labayen narratzaileak testuingurua jarriko du, Idoia Noble akordeoilariak girotuko du eta Hodei Unzuetak eta Jokin Muruak aktore lanak egingo dituzte. Unzueta emakume horien larruan sartuko da, eta Murua, haien inguruan izan ziren gizonen larruetan.

Nola hartu dute ikusleek aurreko saioetan bertsolaritzaren arlo ezezagun honen berri?

Ikuskizunera gerturatu direnek oso ondo jaso dute. Harritu egin dira, barre egin dute, kezkatu egin dira eta, bereziki, zer pentsatua eman die. Hori da, gainera, gure helburuetako bat; gaur egun ezagutzen ez dugun historiaren parte hori ezagutarazi eta zergatik ezagutzen ez dugun galdera egitea. Alde horretatik, pozik gaude.

Proiektuaren abiapuntua Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena “Xenpelar”en istorioa argitara ateratzea izan zen. Nor izan zen?

Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena “Xenpelar” Errenteriako bertsolari bat izan zen, 1865ean jaioa. Bizimodu gogorra izan zuen, haurra zela ama galdu zuen, bizitzan lan asko eta ongi egin zuen, lanaren ondorioz ikusmena galdu… Eta bertsotan ongi egiten zuen. Hari buruzko hainbat bertso eta anekdota gorde dira. Horretaz guztiaz gain, Xenpelar bertsolari ezagunaren iloba zen.

XIX. mendean bat-batean aritu ziren emakumezko bertsolariak hartu dituzue ardatz zuen ikuskizunerako. Zergatik ordukoak?

Joxepa Anttoni izan zen gure abiapuntua. Eta, bila genbiltzala, garai hartako beste hainbat aurkitu genituen. Batez ere, Auspoa Sailean hasi ginen bila, bertan, bertsolaritzaren eta bertsolari askoren informazioa biltzen delako. Han ohartu ginen XIX. mendean izan zirela emakume bertsolari gehiago, bat-batean zein idatziz, leku desberdinetan eta maila onean aritzen zirenak. Eta susmoa dugu gehiago izan zirela, baina ez dela haiei buruzko informaziorik jaso. Batzuei buruz aurkitu genuen nahikoa informazio. Beste batzuen inguruan, berriz, ez hainbeste. Dena den, ez dugu ezer deskubritu. Lehen zegoena bildu dugu, lehen ere beste batzuek egin izan duten bezala.

Ziur asko, XIX. mendeko emakume horien bizimodu eta bertsoek asko erakarri gintuzten, eta hori izan zen garai hura aukeratzeko arrazoi nagusia.

Zein emakume jardun ziren garai hartan bertsotan, aurreiritzien kontra? Bazeukaten ezaugarri komunik ia sekretupean eginiko bertso haiek?

Garbi utzi behar da taularatu ditugunak baino emakume bertsolari gehiago izan zirela. Aukeraketa egin dugu, eta mende jakin batekoak taularatu ditugu. Komunean dute emakume bertsolariak izatea, baina bakoitzak mundu ikuskera propioa zuen. Gainera, euren izena eta jarduna gaur egunera iristeak adierazten du ez zirela hain sekretuan aritzen. Hori bai, norbait edo zerbait arduratu da beraien historia gainerako bertsolariena baino isilduagoa izateaz. Bertsolaritzaren historiaren sekretuak dira guztiak.

Zergatik ez zen haien lana behar beste zabaldu? Zelan jaso duzue haien berri?

Beraien lana eta bizipenen gehiengoa Auspoa Sailean bilduta dago, baina orain arte ez da gehiegi nabarmendu. Haien izenak topatzeko, emakume bertsolarien bila hasi behar da, ez dira modu naturalean transmititu, zenbait gizonezko bertsolariren moduan. Bertsolaritzan, gizartean bezala, emakumearen lana eta rola isilpeko lanetan kokatua egon da.

Gaur egun, badago, zuen ustez, zernahi arrazoi tarteko itzalpean gelditzen denik bertsolaritzan edo kultur arloan?

Badaude, noski. Dena den, horiek aldatzeko norberak hausnartu behar du bere inguruan zer gertatzen den eta horren arabera jarrerak aldatzen joan. Prozesua, tamalez, motela da. Ikuskizunarekin ere helburu bera dugu. Guk erantzunak ematea baino interesgarriagoa iruditzen zaigu ikusleak tarte batean, behintzat, gaiaren inguruan gogoeta egitea.