Bertsolaritza
26 bertsolari
Bertso Eguna urtarrilaren 30ean izango da, Donostian
Agentziak | Erredakzioa
Afaria eta ondorengo festa Kursaalen izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Bertso Egunaren 47. edizioa urtarrilaren 30ean izango da, Donostian, eta 26 bertsolari izango dira kantuan. Afaria eta ondorengo festa Kursaalen egingo da aurten, eta sarrerak jada salgai daude, Bertsozale Elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Sarrerak salgai daude, eta arratsaldeko ekitaldirako nahi adina sarrera har ditzake edonork. Ekitaldia, afaria zein ondorengo emanaldia biltzen dituen sarreretan, ordea, Bertsozale Elkarteko bazkideek lehentasuna izango dute urtarrilaren 6ra arte.
Ordura arte, eta mota honetako sarrerei dagokienez, bazkide bakoitzak, bereaz gain, bazkideentzat ez den sarrera bat gehiago eta 16 urtetik beherakoentzat beste bat hartu ahal izango du. Behin epe hori igarota, urtarrilaren 7tik aurrera, bazkide ez direnek ere erosi ahal izango dute ekitaldia, afaria zein afalosteko emanaldia biltzen dituen sarrera.
Bertsozaleak ez du askorik mugitu beharrik izango arratsaldeko ekitalditik gaueko festara, afaria Kursaalean bertan izango baita. Afariari dagokionez, menua zehaztuta dauka Bertsozale Elkarteak: entsalada, txanpiñoiak, bakailaoa ajoarriero erara, arrain zopa, arkume errea patata purearekin eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea izango dira.
Horrez gain, emanaldi mamitsua izango da afalostean, eta 12 bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin,Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Bat-bateko bertsoak eta prestatuak tartekatuko dira, musikatuak zenbait. Bertsozale Elkarteak urtarrilean emango ditu beste bi ekitaldien xehetasunak.