Itxi

Bertsolaritza

Aste honetan

Busturialdeko Hitzaren eta Irulegiko irratiaren aldeko saioak HHn

Erredakzioa

Nafarroako Txapelketako azken finalerdia ere eskainiko dute eta maiatzaren 1ean Belfasten egingo duten Bertso Dinnerera joateko bi lagunentzako bidaia jokoan jarriko dute lehiaketa berrian.

Gernikako Jai Alaiko oholtza gainean puntako sei bertsolari: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluze. Busturialdeko Hitzaren aldeko bertso jaialdian, ale politak utzi zituzten. Josu Goikoetxearen gai originalek ere lagundu zuten.

Izpuran, berriz, Irulegi irratiaren aldeko festan Hudaltzainak: Josu Martinez gitarraz, Txaber Fernandez bibolinaz, Gorka Etxeberria bateriaz, Beñat Ralla pianoaz eta kantuan Fredi Paia, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue. Bertsolariak tranpaldotik jendartera jaistean, Bob Marleyren doinua baliatuz, bertan zen Erramun Martikorenari ''Erramun no cry'' kantatuz ekin zioten zaleen gogoa harrotzeari. Saio ganberroa egin eta publikoa K.O. utzi zuten euren ateraldiekin.

Zalantza guztiak argitu dira Nafarroako Txapelketan. Atarrabiako saioan, Arkaitz Goikoetxea izan da irabazlea eta berarekin batera finalerako pasea lortu du Eneko Lazkozek.

Maialen Lujanbiok, Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik hitzaldia eskaini dute berriki Arrasaten Emakumeaz eta bertsolaritzaz. Berbaldi horretako zatitxo bat emango dute programan.

Asteko nobedadea lehiaketa berria da. Hirugarren urtez jarraian antolatu dute aurten Belfasten Bertso Dinnera datorren maiatzaren 1erako. Maialen Lujanbio eta Jon Maia joango dira bertara. Haiekin mahaira bilduko dira Irlandako bazter guztietatik, Eskoziatik eta Euskal Herritik joandako ehun bertsozale baino gehiago. Hitzetik Hortzerako kamerak ere bertan izango dira eta bi bertsozale eraman gura dituzte Belfastera. Horretarako puntuak jarriko dituzte programan eta parte hartu nahi duenak puntu horiei erantzunez bertsoak osatu, grabatu eta programakoei bidali beharko dizkie (Hitzetik Hortzeraren helbide elektronikora) edo facebook-en HHk duen txokoan eskegi.

Eta asteroko tarteetan gaurkotasunik galdu ez duten pitxia bi: zuri-beltzekoan Jon Lopategi A8aren lanetaz kantuan eta artxiboko errepasoan emakumeaz eta bertsolaritzaz 1991ko martxoaren 8an egin zuten programa bereziko entresaka. Asteon igandetako programarik ez da izango, beraz, ostegunean 22:00etan ETB3n ikusi ahalko da HH. Bestela beti bezala, norberak gura duen unean eitb.com/bertsolaritza atalean.