Bertsolaritza
Ostegunean, ETB3n
Azken 'BertsoJazza', Hitzetik Hortzeran
Hitzetik Hortzera
Bertso dinner-erako lehiaketaren irabazlea eta Arabako Txapelketako azken finalerdia ere emango dituzte.
Azkena izango omen da eta han izan da HH. Ikuskizun elegantea eskaini dute Bilboko Kafe Antzokian Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Jon Maiak eta Andoni Egañak bertso kantuan eta Bixente Martinezek, Jon Pirisek, Asier Oleagak, Asier Ituartek eta Julen Izarrak musika sortuz. Zortzi funtzio eskaini dituzte eta azkena izan da Bilbokoa. Publikoa zutik jarri zuten ''''beste bat!'''' eskatuz.
A capella ere aritzen da noizik eta behin Andoni Egaña eta ederto baten moldatzen da Sebastian Lizasorekin. Alegian libertimendu ederra preparatu zieten Intxurre elkartean bildutakoei. Bere herriko saioko bertsoaldi batzuk apartatu ditu Felix Irazustabarrenak.
Amurrion ere izan da Hitzetik Hortzera. Arabako koadrilen arteko txapelketaren azken finalerdia jokatu dute bertan Araialdeko eta Aramaioko taldeek. Bertso jarrien txapelketan gertatutakoa ere erakutsiko dute.
Asteon jakingo dugu, halaber, Belfasteko bertso dinnerera joateko lehiaketaren irabazlea nor den. Izan ere bi bertsozale joango dira Hitzetik Hortzerako lantaldearekin Irlandara
Gainerako ohiko atalak ere mimoz prestatuak: Zapping-ean Hitzetik Hortzeran emandako bertso musikatuen aukeraketa. Zuri-beltzekoan Uztapide eta Lasarte muturjoka, Patxi Barberok Joxe Manuel Urtain eta Floyd Pattersonen paperetik kantatuarazi baitzien Zarautzen 1970ean.
Hitzetik Hortzera, ostegunean 22:00etan ETB3n eta ostiralean 18:15etan ETB1en. Laburpena igande bazkalostean ETB1n. Gainera, noizgura eitb.com-en.