Bertsolaritza
“Izarren saldagina”
Amurizaren ondareari gorazarre, Durangaldean
eitb.eus
Durangaldeko Bertso Eskolak “Amuriza, izarren saldagina” topaketa antolatu du, plazarik plaza kantatzeari utzi eta gero, bertsolari eta idazleari esker ona agertzeko.
-
Xabier Amuriza
Xabier Amurizak plazako bertsoaldiak egiteari utzi diola iragarri zuen “Faktoria” Euskadi Irratiko saioan, 75 urte bete zituen egunean, maiatzaren 3an. Orain, Durangaldeko Bertso Eskolak egindako lan oparoa eskertuko dio hilaren 16, 17 eta 19an, berbaldia, kantaldia eta “erromesaldi artistikoa” eginez.
Gaur, ostegunarekin, Zornotzako Zelaieta Zentroak hartuko duen solasaldian, Andoni Egaña Amurizaren sorkuntzaz, Kepa Altonaga Amurizaren hizkuntzalaritzaz eta Edurne Brouard Amurizaren iritzi eragiletzaz arituko dira 19:30ean, Jone Guenetxeak gidatuta.
Kantuan eta kantagintzan ere nabarmendu da Amuriza, eta bihar, hilak 17, helduko diote haren jardueraren adar horri. Plateruena Durangoko aretoak “Emaidazue freskura” kantaldia hartuko du: Igelaren Banda, Tapia eta Leturia, Mursego, Mikel Markez eta Josu Zabala, Anje Duhalde, Natxo de Felipe eta Anton Latxa, Leire Bilbao, Miren Amuriza alaba, Maialen Lujanbio…
22:30ean hasiko da musika, eta sarrerak 8 euroan eros daitezke.
Igandean Berrizen bukatuko da omenaldi sorta, osteratxo bat egin ondoren: “Amurizaren bideak eta aireak” autobus ibilbidea antolatu dute, 09:30ean Berrizko kiroldegian hasi, eta toki hauetan guztietan geldialdia egiteko: Etxano, Amorebieta, Iurreta, Gerediaga eta Berriz.
Bertsoak, dantza, musika eta berriketa ez dira faltako, eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute Berrizen bertan. Plateruenaren webgunean eros daitezke txartelak.