Bertsolaritza
Lehen bertsoak
Bertsolari Txapelketa Nagusia gaur abiatuko da Baigorrin
EITB.eus
Lehen final laurdenean ondorengo sei bertsolari hauek izango dira bertsotan: Aimar Karrika, Ander Lizarralde, Alaia Martin, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola eta Xabi Maia.
-
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aurkeztu dute txapelketa. Argazkia: XDZ.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. edizioa larunbat arratsalde honetan hasiko da, Baigorrin. Lehen final laurdenean ondorengo sei bertsolari hauek izango dira bertsotan: Aimar Karrika, Ander Lizarralde, Alaia Martin, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola eta Xabi Maia. Horietako bi nafarrak dira, hiru gipuzkoarrak eta bat bizkaitarra.
Gainerako saioetan egin bezala, bertsolariek banaka eta binaka jardungo dute. Joana Itzainak aurkeztuta, 17:00etan hasiko da saioa, Baigorriko Ezker Paretan. Gainera, txapelketaren lehen saioa zuzenean ikusteko aukera egongo da, bertsoa.eus atarian.
Txapelketa nagusiak Seguran, Leitzan, Zallan, Zumaian, Tolosan, Bastidan, Irunen, Maule-Lextarren, Durangon, Amurrion, Donibane Lohizunen, Iruñean eta Barakaldon egingo ditu hurrengo geldialdiak, eta abenduaren 17an ezagutuko da nor den irabazlea, finalera pasatzen diren zazpi bertsolariek Barakaldoko BECen egingo duten saioan.
Guztira 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, azken bi urteotan egindako herrialdeetako txapelketetan txartela irabazitakoek eta orain dela lau urteko finalistek: Agin Laburu, Aimar Karrika, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Amets Arzallus, Ander Lizarralde, Ander Fuentes “Itturri”, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Asier Otamendi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Beñat Lizaso, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo “Abarkas”, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Felix Zubia, Ibon Ajuriagojeaskoa, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio, Mikel Artola, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Odei Barroso, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Xabat Galletebeitia eta Xabi Maia.
Txapelketa, ETBn
Bestalde, "Hitzetik Hortzera" ETB1eko saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari. Gainera, urriaren 30ean, Txapelketa Nagusiaren inguruko telebista saio berria hasiko da ETB1en. Astelehenero izango da ikusgai, 22:30ean, txapelketa amaitu arte.
Bestalde, urriaren 28an hasita, finalaurreko guztiak zuzenean emitituko ditu ETB4k, Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik aurkeztuta.