Bertsolaritza
Bertsolari Txapelketa Nagusia
Sebastian Lizasok jantziko dio txapela irabazleari igandeko finalean
eitb.eus
Ia hiru hilabete igaro dira Bertsolari Txapelketa Nagusia abiatu zenetik, eta igandean amaierara iritsiko da BECen jokatuko den finalarekin.
-
Sebastian Lizaso bertsolaria. Argazkia: EiTB
Ia hiru hilabete igaro dira Bertsolari Txapelketa Nagusia abiatu zenetik, eta igandean amaierara iritsiko da BECen jokatuko den finalarekin. Aurten Sebastian Lizaso azpeitiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Joxe Lizaso aitaren eraginez txikitatik bertso giroan hezia, 1986an izan zen txapeldun eta txapeldunorde 1989an eta 1997an. Azken urteetan bera da plaza gehien egiten dituen bertsolarietako bat.
"Pozgarria da jendeak finalean egoteko erakutsi duen irrika" esan du Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, astearte honetan, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura ahaldunarekin, finalaren nondik norakoak azaltzeko emandako prentsaurrekoan.
14.600 lagunek jarraituko dute finala bertatik bertara. Ildo horretan, "Euskal Herrian dagoen areto estalirik handienean egingo dugu; zoritxarrez ez da bertsozale guztientzako lekurik baina pozik gaude zaleen erantzunarekin", azaldu du Muruak.
Prentsaurrekoan ere, iganderako sailkatu diren zortzi bertsolariak izan dira: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre.
Txapelketa Nagusiak zazpi herrialdeak lotu dituela eta "horrela, herri euskaldunek eta ez hain euskaldunek, bertsozaleek eta ez hain bertsozaleek hartu dute txapelketa. Bestela bertsolaritza nekez ailegatuko zen eremuetara eta jendearenganaino iristeko balio izan du", esan du.
Finaleko zortziak, BECen. Argazkia: EiTB
Horietan guztietan elkarlanean aritu da Bertsozale Elkartea tokian tokiko eragileekin. Bestalde, elkarteko langileenaz ez ezik, ezinbestekoa izan da borondatezko lantaldearen ekarpena.
Parte hartzaileen lana ere goraipatu du Muruak, "oholtzatik, bakoitza beretik, ekarpen asko eta askotarikoak egin zaizkio bertsogintzari; bertsogintza izaten ari da txapelketaren ardatza".
Aretorako sarrerarik lortu ez duenak ere izango du txapelketa jarraitzeko aukera: eitb.eus atarian zein ETB1en zuzenean ikusi ahal izango da saioa Aitzol Barandiaranek eta Ilaski Serranok aurkeztuta eta Uxue Alberdiren iruzkinekin.