Itxi

Bertsolaritza

Bertsolaritza

Beasain eta Arrasateko saioak hizpide, Pantxika Solorzanorekin, HHn

Erredakzioa

Mutrikuko bertso-afari bat eta Itziarko bertso-trama beltza ere ikusgai izango dira, besteak beste.

Gabadiko bigarren finalaurrekoan erabaki da Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Xapelketako finalean, Donibane Lohizunen azaroaren 13an, arituko den zortzikotea. Gabadiko saioan Sustrai Colinak, Miren Artetxek eta Joanes Etxebarriak bildu dituzte puntu gehien, hurrenez hurren, eta hirurak izango dira finaleko oholtzan. Mixel Aire Xalbador II .ak, Patxi Iriartek eta Ximun Cazaubonek ere lortu zuten, alabaina, publikoa piztea. Bigarren finalerdi horretako bertsoaldi beteenak eta protagonisten iritziak erakutsiko dituzte asteon Hitzetik Hortzeran.

Beasaingo saioak ere eman du non aukeratua. Urteroko zita da Usurbe Antzokikoa. Igor Eguren izan da gai-jartzailea eta bertsolariak, berriz, hauek: Ainhoa Mujika eta Aitor Sarriegi beasaindarrak eta Sebastian Lizaso, Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Pantxika Solorzano platoan

Aurten, lehendabizikoz, gai emaile eta aurkezle lanetan ari da Pantxika Solorzano azkaindarra XI-LA-BAn, Xiberua Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketan. Lanbidez irakaslea eta musikaria da, hiru disko karrikaratuak ditu engoitik: Tantiruri (1999) , Kukuka (2003) eta Bilintx (2010). Lagun batek proposatuta sartu da XI-LA-BAko gai egile taldean eta “gustura” aritu da da zeregin horretan: “Anitz gustatu zait aktualitatea behatu eta gaiak xerkatzea, apasionatu egin nau”.

Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna adierazteko bertso-jaialdia izan da asteburuan Arrasaten. Leporaino bete zuten antzokia 800en bat bertsozalek eta majo gozatu zuten. Josu Goikoetxea aritu zen gaijartzen eta arratsalde eder bezain hunkigarria atera zen. BERTSOA.COMek grabatutako irudiak dira bai Arrasatekoak baita Mutrikuko bertso-afarikoak ere. Mutrikuko Kalbaixo auzoan digestio gozoko afalostea oparitu zieten bertan bildutakoei Jon Maiak eta Andoni Egañak.

Erredakziora heldutako bideoen atalean, Itziarko bertso eskolak bidalitakoa erakutsiko dute. Itziarko kultur astean eskainitako bertso-trama mafiako ezkontza baten jiran girotu du Iñigo Eizagirrek, eta emaitza beldurgarri ona atera da.

Zappingean XI-LA-BAn ari direnen ‘burasoak’ 1992ko jaialdi batetik. Zuri-beltzekoa 1965ean Zegaman egindako saio batetik hartua. Inazio Maria Atxukarrori Uztapidek emandako hiru puntu erantzun.