Bertsolaritza
Bertsolaritza
Miren Amuriza, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaz Hitzetik Hortzeran
Erredakzioa
Menorcako inprobisatzaileen topaketaz ere arituko dira bertsolari bizkaitarrarekin eta Iruñeko Bertsoaroan ere izan dira HHko kamerak.
Zaleak gozaraziz eta puntu mordoska bilduz eskuratu du Miren Amuriza berriztarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerditarako txartela Igorren jokatutako kanporaketan. Saio horretako gora-beherak kontatuko ditu domeka honetan Amurizak Hitzetik Hortzeran. Itzelezko giroa izan da Igorren eta 570 lagunek mukuru bete dute kiroldegia sei bertsolarien lanaz gozatzeko. Saio ederra atera da eta horrelaxe sailkatu dituzte bertsolariak puntuazioan: lehen postuan Miren Amuriza eta ondoren Peio Ormazabal Kantuan: Miren Amuriza, Peio Ormazabal, Eneko Abasolo Abarkas, Beñat Vidal, Ortzi Garitano eta Joanes Igeregi.
Zuribeltzekoan 1985eko azaroaren bigarrenean Azkoitian jokatutako Txapelketa Nagusiko kanporaketako ale bat: Andoni Egañak Euskal Herrikoan kantatutako aurreneko bertsoa, alegia.
Hiru bertsolari Menorcako VII. trobadan
Soca de mots da Menorcako glosadoreen elkarteak aitortzen duenez asko zor dio bertsolaritzari orohar eta Bertsozale Elkarteari partikularzki. Euskal Herriko ereduak erakarrita eta bertako aholkuei esker hauspotu eta biziberritu baitute azkenetan zen Menorcako glosadorsen artea. Urtero egiten dituzten inprobisatzaileen topaketetara bertsolariak ere gonbidatu izan dituzte eta han izan dira aurten Jone Uria, Julio Soto eta Miren Amuriza bera. Mahai-inguru eta bertso saioak egin dituzte han -itzultzaile baten laguntzaz- eta kolkoan ekarritako bizipenak kontatuko ditu platoan Amurizak.
Iruñeako Bertsoaroatik gazteen saioa
Alaia Martin, Saioa Alkaiza, Agin Rezola, Aitzol Barandiaran, Aimar Karrika eta Iñaki Aleman aritu ziren Helios del Santo gai jartzailearen aginduetara BERTSOAROAren baitan antolatutako lehendabiziko bertso saioan. Saio gaztea inondik ere; gazteak bertsolariak eta gaztea publiko gehiena ere, emaitza ganberro xamarra atera zen gainera eta Iñaki Aleman bihurtu zen jaialdiko protagonista.
Zappingean munduko inprobisatzaileak saltsan
''Ahozkotasuna munduan'' 2003an Bertsozale Elkartearen ekimenez Euskal Herrian egindako munuko inprobisatzaileen topaketa gogoangarria oroituko diute. Gurean izan ziren jamaikarrak, mexikarrak, portugaldarrak, sardiniarrak, argentinarrak, kubatarrak, kanariarrak... baita Menorcatik heldutako glosadorsak ere.