Itxi

Bertsolaritza

'Plazatik plazera'

Repentistak, payadoreak eta bertsolariak, Hitzetik Hortzeran

Hitzetik Hortzera

Zihara Enbeita izango da gonbidatu Bizkaiko Txapleketaz eta, bereziki, Gernikako finalaurreaz aritzeko.

Astebetez Euskal Herrian barrena ibili dira Alexis Diaz Pimienta repentista kubatarra eta Uruguaiko Mariela Acevedo eta Gabriel Luceno payadoreak. ''Plazatik Plazera'' ekimenari esker saio mordoska egin dituzte euskal herrietan Angel Luis eta Ruben Aguiar anaien musikaz lagunduta. Saio horietan bertsolariekin konpartitu dute oholtza eta une magikoak sortu dituzte. Hitzetik Hortzerako lan-taldeak Bilboko Alhondigan izandako saioa grabatu du. Ameriketako inprobisatzaileekin lanean aritu ziren bertan Sustrai Colina eta Fredi Paia. Denen artean publikoa eskuzartaka dantzan jartzea lortu zuten.

Beñat Ugartetxea nagusi Gernikan
Gernikan jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrea. Ez zen ederki hasi saioa Busturialde osoan izandako argindar etenak atzerapena ekarri zuelako. Asteon platoan izango den Zihara Enbeitak, txapelketako komunikazio arduradunak, azalduko dizkigu antolatzaileek nola bizi izan zuten tarte larri hori. Puntu gutxien eman duen saioa izan da Gernikakoa eta, horrenbestez, Beñat Ugartetxea irabazleak baino ez du lortu finalean sartzea. Hurrenez hurren honela sailkatu zituzten bertsolariak Gernikan: irabazle Beñat Ugartetxea; bigarren Fredi Paia; hirugarren Gorka Ostolaza; laugarren Joseba Artza; bosgarren Oihana Bartra; eta seigarren Xabier Enbeita. Saioko kronika Julen Gabiriak egin du asteon.

Maia eta Zubeldia, Iraetan jasotako bideoan
Jasotako bideoa Zestoako Iraeta auzotik heldu da asteon. Gure Ordeka elkartean urtero izaten da bertso afaria sasoi honetan. Iker Zubeldia eta Jon Maiak bi ordu pasatxoko saio gozagarria egin zuten eta umore printza mundialak azalduko dira programan.

Zuri-beltzekoan Jose Joakin Mitxelenak Gernikako arbolari botatako bertsoa, bete-betekoa. Hilberri den Xabier Letek Hitzetik Hortzeran egindako lanak ere berreskuratuko dituzte.

Igandean, 21:00ean, etb1n. Eta, oso-osorik, lehenagotik ikusgai eitb.com-en.