Itxi

Bertsolaritza

Izendapena

Bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu du Nafarroako Gobernuak

eitb.eus

Ekainaren 20an, ekitaldi bat egingo dute Nafarroako Museoan, izendapena aurkezteko. Bertsolaritza “bizirik mantentzen” lagundu nahi du izendapenak.

  • Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala

    Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, 2017an

Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun izendatu du bertsolaritza, ondare materiagabekoaren kategorian. Hala jakinarazi du Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztedia kontseilariak Nafarroako Gobernuaren asteroko bileraren ostean.

Izendapena aurkezteko, ekitaldi bat egingo dute ekainaren 20an, 18:00etatik aurrera, Nafarroako Museoan, bertso saio batekin bukatuko dena. Ondare materiagabean, Nafarroako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzarena, Lantzeko inauterien, Ituren eta Zubietako inauterien, Hiru Behien Zergaren, Luzaideko Bolanteen eta Cortesko makil dantzaren ondoren.

Herrera kontseilariak eman du izendapenaren berri, eta bertsolaritza “Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenena eta hobekien kontserbatu dena” dela adierazi du.

Gobernuaren arabera, Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenak bertsolaritza bizirik mantentzen lagundu nahi du, “kontrolatutako eraldaketa ahalbidetuz”.

Luze jo du bertsolaritza Nafarroako Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko prozesuak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak gogora ekarri duenez.

2017ko hasieran Bertsozale Elkarteak izendapenerako eskaera ofiziala egin zuen, eta iazko irailean Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Nafarroako Kultur Intereseko Ondare izendatuko zuela jakinarazi zuen, horretarako behar diren baldintza guztiak betetzen baititu.

Azkenik, Nafarroako Kultura Kontseiluak oniritzia eman zion izendapenari, Nafarroako Gobernuak onartu aurretik