Itxi

Bertsolaritza

Aste honetan

Zarauzko Kopla Txapelketa eta Mikel Anestesia Hitzetik Hortzeran

Hitzetik Hortzera

Soto eta Arzallusen strip-teaseak lehertu zuen jaia Putzuzulon.

Urtean urtean sona handiagoa hartu du Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikak antolatzen duen Kopla Txapelketak. Laugarrena izan da aurtengoa eta sarrerak salgai jarri baino askoz lehenagotik ilara luze-luzea egin zen garai batean Lizundia ohial fabrika zaharra zenaren atarian. Tamalez, jende asko geratu zen sarrerarik gabe iladan zain egon arren eta antolatzaileek pena zuten horregatik. Abenduaren 10eko gaueko hamarretan hasi zen txapelketa Putzuzulo lur-estali zegoela. 500 lagun baino gehiago, batzuk eserita eta gehienak zutik, begiak oholtzan iltzatuta ikuskizuna noiz hasiko zain. Xabi Aizpuruak eta Imanol Epeldek maisutasunez gidatu zuten saio osoa eta beraiek arduratu ziren txandaka koplaldiak mugatzeko kanpaia jotzeaz. Kantuan aritu zen taldea hauxe: Miren Amuriza, Jokin Uranga, Miren Artetxe, Sebastian Lizaso, Rosi Lazkano -oriotar honek herritik kanpora egiten zuen aurreneko plaza zuen-, Amets Arzallus, Hodei Iruretagoiena, Julio Soto -2009ko irabazlea-, Ander Solozabal eta Jone Uria.

Hiru minutuko roundak, musikaz edo musika gabe
Hiru minutuko tartetan, ''''ziritik eta zorotik'''' elkarri zeinek handiagoa esan, jarri zituzten bertsolariak bikoteka librean kanta zezaten. Ondoren gaia emanda aritu ziren eta azken ariketan ere gaiari kantarazi zieten musikarien laguntzaz. Hauexek aritu ziren bertsolariei musikaz laguntzen: Agosti Aranburu (esku-soinuaz), Iker Barrena (panderoaz), Jurdana Otxoa (Bibolinaz), Aitor Arratibel (perkusioaz) eta Jon Arruti Tuti (baxuaz).

Bertsozaleen artean zeuden epaileen iritziaren arabera parte hartzaileak kaleratu zituzten lehiatik (lau lehengo kanporatzean eta beste lau gero) buruz burukora iritsi arte. Julio Soto eta Amets Arzallus aritu ziren nor baino nor amaieran eta gaiak ''''eskatuta'''' strip-teasea eginaz amaitu zuten. Azkenean Amets Arzallusentzat izan zen irabazlearen zintzarria eta bertsolariek zein antolatzaileek dantzan ospatu zuten oholtza gainean.

Lorenzo Zulaika, Mikel Kazalisen aitona bertsolaria
Zarautzen izan zen Mikel Kazalis ere, eta bera izango da asteon Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Estigia, Anestesia, Negu Gorriak, 2Kate eta Kuraia taldeetan aritutako musikari zarauztarra bertsozalea da eta bertsolaritzaz duen ikuspegia emango du programan. Gainera, Lorenzo Zulaika bertsolariaren, Kazalisen aitona zena, pare bat ale irudiz jantzi dituzte Zuri-Beltzekorako eta Zapping-ean berriz Negu Gorriak-ek bertsolariekin egindako elkarlana oroituko dute.

Igandean, 21:00ean, etb1n. Eta, oso-osorik, lehenagotik ikusgai eitb.com-en.