Itxi

Bertsolaritza

Aste honetan

Iturengo Kontu Eguna eta Ereñotzuko Bertso Mob-a, Hitzetik Hortzeran

Hitzetik Hortzera

Egoitz Gorosterrazu bertsolari eta joalduna hartuko dute apopilo platoan.

Iturengo inauteriko gora-beherak azaltzera heldu da asteko gonbidatua: Egoitz Gorrosterrazu iturendarra. Gorosterrazuri lanak pilatu zaizkio azken asteotan, Nafarroako Bertsolari Txapelketako entrenamenduetako azken txanpan egokitu zaizkio inauteriak. Besta eta bertsotarako prestaketa nola batu dituen kontatuko dio Jon Artanori. Iturengo inauterien akabila Kontu Egunak jarri ohi du. Azken egun horretan, festetako diru kontuak egiteaz gain, otordu nagusira bertsolari bikote bat gonbidatzeko ohitura dute herritarrek. Aurten Julen Zelaieta eta Xabier Amuriza izan dira bertan eta tokitako umorea eraman dute herriko etxeko ganbarara.

Ereñotzun: Uxue Alberdi, Jon Maia ...eta Lady Gaga

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak antolatuta bertso afari sui generis baten lekuko izan da Hitzetik Hortzera. Bertso Mob saioa izan zen Ereñotzuko Larre-Gain sagardotegian. Lady Gagaren Bad Romance kantaren doinuei euskarazko hitzak jarriz Hartu nahi dut arnas abestia sortu dute eta flash mob erraldoia egin nahi dute datorren martxoaren 20an Zubietan Zero Zabor taldekoek, bertan eraiki asmo den erraustegiaren aurka. Larre-Gainen flash mob horren entsegua egin zuten. Dozenaka lagunek Mikel Erguin Mondrak asmatutako koreografia interpretatu zuten aldi berean eta, ikuskizunaren lekuko izan ostean, dantzarien lanari punta ateratzen jardun ziren Alberdi eta Maia.

Gasteizko gauak, Bertsokatu Txapelketan

Lehen ostegunetakoekin gutxi eta aurrerantzean asteazkenero ibiliko dira errondan bertsolariak Gasteizko Aiztogile Kalean. Kutxiko Katuak taldeak du errua. Horiek antolatuta Bertso Katu txapelketa ari da jokatzen asteazkenero Kutxi kaleko ostatuetan. Astero ostatu berria eta bertsotarako laukote berria. Sei astez arituko dira finala baino lehen, beraz hogeitalau bertsolarik hartuko dute parte; erdiak Gasteizkoak bertakoak edo arabarrak eta beste erdiak ikasketen aitzakian gasteiztartuak. Txapelketa gazte horren nondik norakoez galdezka heldu da Hitzetik Hortzera Garraxi tabernara. Iñaki Viñasprek, Maite Solozabalek, Maddi Gallastegik eta Peio Ormazabalek kantatutako saioko zatitxoa ere erakutsiko dute erreportajean.

Uztapideren eskuarea

Ohiko atalek ere izango dute ohiko txinparta. Zapping-a Pio Caro Barojaren Gipuzkoa 1979 dokumentalaz hornitu dute. Gorrotxategi eta Basarri sagardotegiko mahai bueltan bertsotan azalduko dira, baita Uztapide eskuareaz lanean ere. Zuri-Beltzekoan, berriz, Lazkao Txiki, Mattin eta Joxe Agirre euren buruak aurkeztuz duela 35 urte Zarautzen egindako saio batetik. Gainera Bertsolamintza jardunaldien aurkezpena eta, bertsoa.comek utzita, Beterriko Txapelketako finaleko bertsoaldi desmadratenak ere erakutsiko dituzte.

Igandean, 21:00etan, ETB-1en. Eta aurretik ikusgai eitb.com-en.