Itxi

Bertsolaritza

Atari berria

Bertsolaritzaren Datu-Basea Interneten dugu dagoeneko

Erredakzioa

Bertsolaritzaren Datu-Basea izeneko berrikuntza teknologikoa aurkeztu du Bertsozale Elkarteak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren edukiak Internet bidez gizarteratzeko.

Bertsozale Elkarteak bdb.bertsozale.com Bertsolaritzaren Datu-Basea aurkeztu du ostiral honetan. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren edukiak Internet bidez gizarteratzeko berrikuntza teknologikoa da, bertsolaritzari buruz bildutako dokumentazio guztia plazaratzeko tresna.

Proiektu honi esker, bertso saioen agenda, bertsolaritzan ari direnen edo aritu direnen biografia-fitxak, gaurdaino izan diren txapelketa, lehiaketa eta sariketei buruzko informazioa, doinutegia, bertsoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako grabazioei buruzko informazioa eskuragarri dago Interneten.

1991an sortu zuen Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroa, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bilduma batez ere 1980tik aurrerako bertsolaritzaren ondareaz osatuta dago, eta, horrez gain, dokumentazio historikoa ere jasotzen du (bertso-paperak, liburuak, esku-orriak, grabazioak...).

Villabonako Subijana Etxea da Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egoitza, eta bertan dira Bertsozale Elkarteko bulegoak eta Mintzola Fundazioa ere.