Itxi

Bertsolaritza

Finala, larunbatean

Zortzi bertsolari finalistak, Gipuzkoako txapela bereganatzeko prest

eitb.eus

Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran izango dira nor baino nor gehiago, larunbatean, Donostian.

  • Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak

    Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, larunbatera begira. Argazkia: Euskadi Irratia.

Larunbatean jokatuko da, ETB4 eta eitb.eus zuzenean lekuko direla, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala, Donostia Arenan, Illunben. Gaur, asteartea, genero aldetik lehenengoz parekidea izango den final horren aurkezpena egin dute, San Telmo museoan.

15 saioren ostean, larunbatean jokatuko dute finala, 17:00etatik aurrera, Agin Laburu Rezolak, Alaia Martin Etxebestek, Ane Labaka Mayozek, Beñat Gaztelumendi Arandiak, Beñat Lizaso Alberdik, Jon Maia Soriak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek.

Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek hamabosna bertso puntuagarri abestu beharko dituzte: binaka zein bakarka, zortziko handian, zortziko txikian, hamarreko txikian eta nahi duten doinu eta neurrian.

Lehen zati horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak bigarren atalera pasatuko dira, eta 10 bertso puntuagarri gehiago abestu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta kartzelako lana, gaia emanda nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Azkenean, bi ataletako puntuazioak batuko dira txapelduna erabakitzeko, eta Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela.

Sarrerak eta emisioa

Sarrerak larunbateko 13:00ak arte erosi ahalko dira www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta, horiek agortu ezean, 15:00etan irekiko da txarteldegia, larunbatean bertan.

Larunbatean bertan, 16:00etan, Realaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida dagoela eta, antolatzaileek Donostia Arenara garaiz eta garraio publikoan bertaratzeko aholkua eman dute.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek bide hauek dituzte antolatzaileei jakinarazteko: gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus eta 943670575 telefono zenbakia.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala ETB4 kateak eta eitb.eus-ek osorik eskainiko dute zuzenean. ETB1ek, berriz, gaueko albistegien ondoren egingo du bat finalarekin.