Bertsolaritza
Koronabirusaren ondorioz
Bertan behera utzi dute aurtengo Xalbadorren Eguna
eitb.eus
Urteroko hitzordua urriaren 24 eta 25erako aurreikusita zegoen, baina bertan behera utzi dute, covid-19aren ondorioz.
-
Xalbadorren jaiotzaren mendeurrena betetzen den urtean, ezingo dute bertsolaria omendu
Deiadar taldekoek, hitzorduaren antolatzaileek, 2021era atzeratu dute urriaren 24 eta 25erako aurreikusita zegoen jaialdia. 1920ko ekainaren 19an sortu zen Fernando Aire Xalbador, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta aurten bete da bere jaiotzaren mendeurrena.
Taldeak ohar batean azaldu duenez, “aurten, gutxien uste genuen etsaia agertu zaigu gutxien behar genuen garaian. Eta zer egingo dugu? Xalbador berak zioen bezala, Nahi nuke, bainan ezin dut ordea esan eta aurrera begira jarri. 2021ek emango al digu aukera hobea aurten bertan behera utzi behar izan duguna onez onean burutzeko eta, urtebete beranduago bederen, bertsolari handiaren mendeurrena ondo prestatu eta ospatzeko, Urepelen egun bete-bete bat euskaraz biziz”.
Deiadar taldeak modu berezian ospatu nahi zuen urtemuga, baina beste egitasmo batzuekin gertatu den bezala, bertan behera geratu da hilaren 24 eta 25ean aurreikusita zegoen ospakizuna.