Bertsolaritza
Igandean
Tolosako finalaurrekoa Hitzetik Hortzeran, Juan Mari Lopezekin
Erredakzioa
Hernaniko kanporaketan gertatutakoa eta finalera sailkatutako zortzikotea zein den ere argituko dute Galarreta pilotalekutik bertatik.
-
Tolosako finalaurrekoa Hitzetik Hortzeran, Juan Mari Lopezekin. Argazkia: Bertatik Bertara
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Tolosako Usabal kiroldegian, izan ziren kantuan: Beñat Lizaso, Jexux Mari Irazu, Iñigo Izagirre, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Aitor Sarriegi, gai-jartzaile lanetan Saroi Jauregi zela. Puntu gehien Jexux Mari Irazuk eskuratu zituen, ondoren, Aitor Sarriegik, Unai Agirrek, Iñigo Izagirrek, Nerea Elustondok eta Beñat Lizasok hurrenez hurren. Saioko bertsoaldi onenak INFO 7 irratiko esatarien komentarioekin jantzita eskainiko dituzte. Aitzol Barandiaran gidariak Iñaki Gurrutxaga izan zuen lagun Tolosan.
Lesakan azaroaren 12an ospatu zen Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko laburpena
ere emango du aste honetan Hitzetik Hortzerak. Zarauzko Motxian Bertso Eskolak eta Baztango Helduen Bertso Eskolak eskainitako bertso-antzerkiaren momenturik onenak ikusi ahal izango dira. Eszenatoki gisa Juan Mari Lopezen familiako Linddurrenborda Sagardotegia izan zuten, horregatik gonbidatu dute platora, bertako berri emateko. Lopez oiartzuarra da jaiotzez eta umetatik du bertsoarekiko lilura, gaur egun bertsolaritzarekin duen lotura nolakoa den azalduko du.
Lesakan bertan, Linddurrenbordatik herrigunera jaitsita Zialdo tabernan osatutako bertso saio esperimentala ere izango dira ikusgai. Bertsoak inprobisatzen Alaia Martin, Xabier Silveira, Iratxe Ibarra eta Julen Zelaieta aritu ziren; gaiak inprobisatuz, aldiz, Egoitz Aizpuru eta Iker Iriarte.
Azkenik, zuri-beltzeko Auspoa atalean Iñaki Segurola hiztegigile azpeitiarra izango da, Jose Ramon Erauskinen 'Aien Garaia' liburuko pasarte bat irakurri eta komentatzeko.
Hitzetik Hortzera, igandean 22:30ean ETB-1en, eta bezperatik eitb nahieran-en.