Itxi

Bertsolaritza

Patronatuaren erabakia

Mintzola Ahozko Lantegiaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki dute

N. V. | EITB Media

Egoitza Villabonan zuen erakundearen hamahiru urteko lanaren lekukoa Euskaltzaindiak har dezala proposatu dute patronatuko kideek.

  • Subijana Etxea, Villabonan, Mintzolaren egoitza

    Subijana Etxea, Villabonan, Mintzolaren egoitza

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Amasa-Villabonako Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Kutxak, Mintzola Ahozko Lantegiaren fundazioko patronatua osatzen duten erakundeek, Mintzolaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki dute.

Ahozkotasunari buruz bertan egiten zen ikerkuntza eta hedatze lanaren lekukoa Euskaltzaindiak har dezala proposatu dute, gainera, patronatukideek gogoetaldi baten ondoren. Villabonako Subijana Etxeak, Mintzolaren egoitzak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza izaten jarraituko du, nolanahi den, aurrerantzean ere.

Euskaltzaindiak proposamenari baiezkoa eman ondoren, prozesu bat abiaraziko dute irailetik aurrera, "errelebo horren inguruko baldintzak modu egokian eta adostuan gauzatu ahal izateko", Mintzolak ohar batean azaldu duenez.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Villabonako Udala, UPV/EHU eta Kutxa Fundazioa bat etorri dira Mintzola Fundazioak euskarari eta euskal kulturgintzari egindako ekarpena azpimarratzeko garaian, urte hauetan guztietan hamaika ikerlan eta proiektu sustatu baititu.

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan guztietan, "gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, diziplina hauek indartuz".