Itxi

Bertsolaritza

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Zortzi finalista eta txapel bakarra

N. V. | EITB Media

Larunbatean, hilak 18, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da Bilbao Arenan. eitb.eus-en eta ETB4n ikusi ahalko da zuzenean, 17:00etatik aurrera.

  • Finaistak eta txapela janzteko arduradunak, gaurko aurkezpenean

    Finaistak eta txapela janzteko arduradunak, gaurko aurkezpenean

Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi txapelduna eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Zortzi bertsolari horiek lehiatuko dira larunbatean, abenduak 18, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean, Bilbao Arenan, 17:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB4n zuzenean jarraitu ahalko den saioan.

Finalaren lehen zatian zortzi bertsolariak arituko dira nor baino nor gehiago, horietako bi bigarren atalera pasatuko dira eta buruz burukoa osatuko dute, eta atal bietako puntuak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak irabaziko du txapela azkenean.

Hain zuzen ere, Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak jantziko diote txapela eguneko bertsolari onenari, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen alde egin duten lan eskerga omentzeko.

Bilbao Arenako ateak 15:30ean irekiko dituzte, eta garaiz joateko deia egin dute antolatzaileek. Musukoa derrigorrezkoa izango da saio osoan zehar, tartean-tartean ateak zabalduko dituzte, aireztatzeko, eta kiroldegi barruan ezingo da ez jan ez edan.

Sarrerak salgai daude, 20 euroko prezioan.