Bertsolaritza
Finalaurrea
Zenbat puntu beharko dute Bilboko saioko bertsolariek Iruñeko finalera sailkatzeko?
Mikel Dominguez | EITB Media
Ezinezkoa da aurretik jakitea zenbat puntu izango duen Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finalera sailkatuko den azkenak, baina hona hemen balizko aukera bat.
-
Txapelketa Nagusiko bertsolariak.
Bilboko finalaurrea da Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko final handia baino lehenagoko azken saioa. Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza, Jone Uria eta Maddalen Arzallus arituko dira Miribillako lehian, baina guztiek ez dituzte aukera berdinak izango.
2. fasean, saio bakoitzean ariketa gutxiago eginda, 1. fasean baino puntu gutxiago banatzen ari dira. Baionan Amurrion baino puntu gehiago banatu ziren. Ezinezkoa da aurreikustea Bizkaia pilotalekuan zer nolako saioa egingo duten sei bertsolariek ezta epaileek nola baloratuko duten, hau da, zenbat puntu banatuko diren.
Baina lehian izango diren bertsolarien txapelketako jarduna ikusita, Julio Soto (1.329,5 puntu) eta Aitor Bizkarra (1.329) gainditu beharreko lehiakideak izango direla pentsatu dezakegu. Alaia Martin, edozein kasutan, sailkatuta dago, zazpigarren onena izanda ere txartela lortuko lukeelako. Modu horretan, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal, sailkapeneneko lehenengo laurak, dagoeneko Iruñean egongo lirateke.
Bilbon arituko direnek, zenbat puntu beharko dute 1.330eko langara heltzeko?
Saioa Alkaizak, Jone Uriak eta Maddalen Arzallusek dute zailen. 668, 669,5 eta 695 puntu beharko dituzte, hurrenez hurren. Hainbeste puntu, ordea, Martinek baino ez ditu egin 2. faseko saio batean. 676 eskuratu zituen Amurrion.
Gauzak horrela, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus egoera hobean daude. Gipuzkoarrak 603,5 puntu besterik ez ditu behar Soto eta Bizkarra gainditzeko; nafarrak 619 beharko ditu langa hori igarotzeko, eta lapurtarrak, ordea, 642 puntutik gorako saioa egin beharko du sailkatua izateko, gure proiekzioaren arabera.
Hirurek ala hirurek erakutsi dute puntuazio horiek egiteko gai direla, baina oholtza gainean ez dago ezer aurreikusterik. Batek kale egingo balu, Sotok Iruñerako pasea lortuko luke, eta bik huts egingo balute, nafarrarekin batera Bizkarra ere arituko litzateke.
Finalaurrea zuzenean ikusi ahalko dira eitb.eus-en eta ETB4n, 17:00etatik aurrera.