Itxi

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa Finala

Hirugarrenez jantzi du txapela Maialen Lujanbiok

EITB Media

Bertsolari Txapelketa Nagusiko final gogoangarria jokatu da Iruñeko Nafarroa Arenan 13.000 bertsozale bertan zirela. Lujanbiok 2240 puntu lortu ditu, eta bigarren izan da Amets Arzallus, 2166 puntu bilduta.

5:39

Maialen Lujanbiok irabazi du 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta hirugarren txapela eramango du etxera, gaur, Iruñeko Nafarroa Arenan ospatu den saioan 2240 puntu batuta.

Buruz burukoan txapeldun berriarekin lehiatuta, Amets Arzallus izan da bigarrena 2166 punturekin. 2009ko eta 2013ko buruz burukoak errepikatu dira hala, orduan ere, Arzallus eta Lujanbio aritu ziren azken lehian, baina, orduan ez bezala, Lujanbiorentzat izan da aurtengoan garaipena.

Buruz burukoaren atean gelditu dira Aitor Mendiluze, 1507 punturekin; Sustrai Colina, 1495 punturekin; Alaia Martin, 1493,5 punturekin; Beñat Gaztelumendi, 1443,5 punturekin; Nerea Ibarzabal, 1435,5 punturekin; eta Joanes Illarregi 1421,5 punturekin.

Iñaki Murua bertsolariak eta bertso munduan pisu handiko pertsona denak jantzi dio txapela garaileari zaleen txalo erauntsi artean.

Hona hemen, baina, txapeldunaren izena iragarri duten momentua:

Denetariko gaiak proposatu dituzte gaurkoan gai-jartzaileek, ertz askokoak, luzimendurako aproposak. Gai zehatzen aurrean zorrotz eta gai zabalagoetan sakon aritu dira bertsolariak, kontu zail eta mardulak ekarriz ahora, hala nola sexu-abusuak, gaizki ordaindutako lanak, emigrazioa, sexu-aldaketa edo bikote harremanak.

Umoreak ere izan du, nola ez, bere lekua, bai eta une hunkigarriek ere, hala nola Mendiluzeren agurrekoa, amari eskerrak eman dizkionekoa, hark, euskaraz ez zekien arren, semeak hizkuntza hori ikas zezan nahi izan zuelako.

Arratsaldeko saioa

Arratsaldeko saioari 17:00ak pasatxo ekin diote, zozketak erabakitako hurrenkera berrian (Martin, Ibarzabal, Colina, Lujanbio, Gaztelumendi, Arzallus, Illarregi eta Mendiluze) eta hiru ariketa egin behar izan dituzte buruz burukora pasa aurretik: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Bizia izan da arratsaldea, nabari zen bertsolariak ere goizeko tentsioak neurri batean askatuta zetozela, eta desberdin aritu dira. Zaleak zer esanik ez; giroa berotzen joan da, barreak eta txaloak erraz atera dira.

Bertsoaldi gogoangarriak osatu dituzte bertsolariek, hona hemen batzuk:

 

Buruz burukoa

Ariketa horiek amaituta iritsi da buruz burukoa jokatuko zuten bi bertsolarien izenak jakiteko ordua, eta izenaren hurrenkeraz jakinarazi dituzte: Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.

Lehertu egin da Nafarroa Arena eta indarrez besarkatu dira bi bertsolariak, eta, bat batean jauzi egin dute denek 2009ko eta 2013ko finaletara, orduan ere buruz burukoan aritu baitziren biak ala biak.

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, elkar besarkatuz.

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, elkar besarkatu direnean.

Buruz burukoan honako ariketak egin dituzte binaka: gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan; eta, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

5:34

Ondoren, ganbarako lana egin behar izan dute. Aurrena, "oreka" hitza gaitzat emanda, bertso bat osatu behar izan dute bederatziko txikian. Ondoren "Ez dago B planik" gaiarekin hiru bertso osatu dituzte nahi zuten doinu eta neurrian.

Giro aparta goizetik

Goiz-goizetik nabari zen urtebeteko atzerapenez iritsi den bertso txapelketa, eta final handiaren egarriz zela zalegoa, ateak zabaltzerako ilarak ziren Nafarroa Arena atarian. 09:00etan ateak zabaldu orduko sartzen eta tokia hartzen hasi dira 13.000 bertsozaleak.

11:00ak jota zirenean iritsi da eguneko lehen emozio leherketa, txapelketako sintoniarekin batera bertsolariak jendartetik agertu direnean. Ion Zaldua Brit gai jartzailea aurretik zutela eta zozketak erabakitako hurrenkeran oholtzara igo dira: Aitor Mendiluze Gonzalez, Nerea Ibarzabal Salegi, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Alaia Martin Etxebeste, Maialen Lujanbio Zugasti, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Beñat Gaztelumendi Arandia.

Hona hemen goizeko saioak utzi dituen bertsoaldi ederretako batzuk: