Itxi

Bertsolaritza

Txapelketa

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Mungian hasiko da, urriaren 1ean

N. V. | EITB Media

Finala Bilbao Arenan jokatuko da, abenduaren 16an. Orduan jakingo da zeinek hartuko duen 2021etik Nerea Ibarzabalek izan duen txapela.

  • Nerea Ibarzabal, 2021eko Bizkaiko Txapelketako irabazlea

    Nerea Ibarzabal, 2021eko Bizkaiko Txapelketako irabazlea

Urriaren 1ean hasiko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian, eta abenduaren 16an izango da finala, ohi denez, Bilbao Arenan. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira, gaur aurkezpenean azaldu dutenez.

Kanporaketak urriaren 1a eta azaroaren 1a bitartean jokatuko dira, Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira, azaroaren 11n, 18an eta 25ean, hurrenez hurren, eta finala Bilbon jokatuko da, abenduaren 16an.

Kanporaketetan, 36 bertsolarik kantatuko dute: 'Udabarria Bertsotan' fasetik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan abestu zuten beste seik. Finalaurrekoetako fasera horietako 11 bertsolari sailkatuko dira, eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren zazpi bertsolariak, 2021ean finalista izan zirenak. Etxahun Lekue ere izan zen finalista, baina ez du txapelketan parte hartuko.

Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Saioetako sarrerak erosteko aukera dago Bertso Sarrerak atarian. Oraindik sarrerarik geratuko balitz, saioaren egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etan; finalean, ostera, 15:00etan zabalduko dute txarteldegia.