Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduaren 5etik 8ra

Itziar Okariz artistak egin du Durangoko Azokako kartela

Erredakzioa

Artista donostiarraren azken ikuskizuneko gidoia islatzen du kartelak, zuri-beltzean.

0:54

Zuriaren gainean hitzak dantzan. Irudi horrekin osatu du kartela Itziar Okariz artista donostiarrak. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 48. edizioa, eta Azokarako propio egin du kartela. Plateruena gunean aurkeztu dute asteazken honetan, eta artistaren performance berriaren partitura edo gidoia da.

Performance horretan, Virgina Wolfen Gela bat norberarentzako liburuaren atal bat irakurtzen du Okarizek, esaldi bat etengabe errepikatuz ordu erdiz jarraian. Irakurraldi bakoitzean, baina, aurreko lerroko lehen hitza ezabatzen du, eta testua laburtuz doa, esaldia erabat agortu arte. "Virginia Woolf biziki estimatzen dudan autorea da, eta horren lanaren erreferentzia oso egokia iruditu zitzaidan Durangoko Azokarako", azaldu du.

Bestetik, azokaren izen berria iragarri du Nerea Mujikak, Gerediaga elkarte antolatzailearen presidenteak. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka izen luze eta murriztailea utzi, eta Durangoko Azoka soilik izango da ofizialki aurrerantzean. "Laburragoa eta, era berean, zabalagoa", zehaztu du Mujikak. "Bere barruan sartzen dira gune guztiak, diziplina guztiak. Bide horretan ari gara lanean 2008az geroztik. Guztiok argi dugu hori dela etorkizuneko azokaren eredua. Guztion Azoka", gaineratu du.

Azken hau "urte zaila" izan dela adierazi du Mujikak, asteazken honetako aurkezpenean. "Ez da erraza izan ez Gerediaga elkartearentzat, ez antolatzaileentzat, ez guneentzat, ezta langileentzat ere. Gerediaga elkarteak ez du asmatu erabaki guztiak behar bezala plazaratzen. Horrek guztioi kalte egin digu, gure asmoa ez izan arren, inondik inora ere", esan du. Hala ere, mezu baikorra plazaratu du elkarteko presidenteak edizio berriari begira: "Herritarrok osatzen dugun elkarte honetan, argi daukagu edozein eztabaidaren aurretik dagoela Durangoko Azoka, euskal kulturak eta azokara etortzen diren milaka lagunek hori merezi dutelako. Horregatik, gure helburua Durangoko Azokak aurrera egitea da. Halaxe izan da azken 48 urte hauetan, kulturgintzari denbora eta ahalegina eskaintzen diogun hainbat eta hainbat lagun inplikaturi esker. Azoka euskal kultura bultzatzeko herri ekimena da. Aurrera egingo dugu, eta indartu egingo dugu".