Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Azoka, euskal sormen artistikoaren erakusleihoa
Natxo Velez | eitb.com
Durangoko Azoka, gizartea bezala, gero eta zabalagoa da: testuingurua (Landakotik herrira zabalduko da) eta edukia (gero eta toki handiagoa dute liburua eta diskoa ez diren adierazpenek) aldatuz doaz.
-
Jendetza biltzen da Durangoko Azokan urtero. Argazkia: EiTB.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 1965ean egin zuten lehenengoz. Gerediaga elkarteak antolatu zuen lehen jardueretako bat izan zen, sortu berritan. Frankismoan, Azokak helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera eman. Durango egun horietan euskalgintzan zihardutenen topalekua izateko ahalegina egin zuten antolatzaileek.
Euskarazko eta euskal munduari buruzko ekoizpenak erakutsi eta salgai jartzeko azoka izan da Durangokoa hastapenetatik. Liburuak eta diskoak ziren nagusi hasierako urteetan, noski, beste euskarririk ezean, baina gerora DVDak, bideo zintak eta euskarri askotako ekoizpenak jarri dira ikusgai eta salgai, teknologia berriak gizartean egokitu diren heinean. Horren erakusgarri da, hain zuzen, izen aldaketa: Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka zena Durangoko Azoka da engoitik.
Lehenengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka Andra Mari elizaren arkupean egin zen, 1965eko azaroaren 1ean. Elizpean, larunbat goizetan merkatua izaten zen, eta, haren ostean, liburuen eta diskoen azoka egin zuten, 19 erakusle zirela. 1974. urtera arte, Andra Mariko elizpean bertan egin zen, urtez urte, Azoka, 1967an izan ezik: Andra Mari eliza konpontzen ari ziren urte horretan, eta ezin zen, ondorioz, ezer ganoraz antolatu.
Orduko gobernadore zibilak ez zuen Azoka urterik urtera lortzen ari zen oniritzi eta arrakasta atsegin, eta Andra Mari elizaren inguruan egitea debekatu zuen, erlijio arrazoiak argudiatuta. Merkatu plazara eraman zuten, orduan, Azoka, 1974an.
Bestalde, 1980an beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuten antolatzaileek: Domu Santu eguneko jaieguna aprobetxatuta antolatzeari utzi, eta hilabete atzeratu zuten euskal sormen artistikoan dihardutenen hitzordua, abenduko lehen jaiegunak, Konstituzioaren eguneko jaizubia, aprobetxatuta egiteko.
Handik hogei bat urtera, Durangon edizio bakoitzean gero eta jende gehiago biltzen zela ikusita, 2003. urtean kokapen finkoa estreinatu zuen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak: Landako gunea.
Aurtengo 48. edizio honetan hasita, gainera, are espazio zabalagoa izango dute artista, erakusketari eta bisitariek; izan ere, Durango erdibanatzen zuen trenbidea lurperatu egin dute, eta, hortaz, Durangoko herrigunea eta Landako inoiz baino gertuago egongo dira.
Durangon, idazleek, musikariek eta gainerako euskal sortzaileek publikoarekin egoteko aukera izaten dute. Azkenaldian, gainera, sormenaren fruitua bertatik bertara erakusteko aukera zabaldu dute, Ahotseneari, Irudieneari eta Szenatokiari esker, esaterako. Horietan, musikari, aktore eta idazleek publikoaren aurrean aurkezten dituzte beren produktuak.
Argizaiola saria
1992. urtetik aurrera, Argizaiola saria ematen du Gerediaga elkarteak. Pertsona eta erakundeek euskararen eta euskal kulturaren alde egin duten lana goraipatzea da sari honen helburua. Batez ere urte zailenetan, oztopoak oztopo, lan egin dutenei ematen zaie saria; horregatik, "gauean argi" egin zutela nabarmentzen dute. Hain zuzen, izenburu hori hartzen du saria emateko 2001. urtetik prestatzen den ekitaldiak.
Besteak beste, Benito Lertxundik, Gotzon Garatek, Txillardegik, Maiatz eta Jakin aldizkariek, Labayru ikastegiak, Antonio Zavalak, Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak jaso dute goraipamena, eta aurten William Douglass antropologoa sarituko dute.
Herrialde gonbidatua
Halaber, urtero herrialde gonbidatu bat egoten da Durangoko Azokan. Aurtengoa, berbarako, Eskoziaren txanda izango da, baina aurretik beste kultura txiki askok hurreratu dute Durangora beren lanaren lagin bat, hala nola Galiziak, ijitoen kulturak, Esloveniak eta Kurdistanek.