Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Euskal musikagintzaren burrunba ozenak Azokan du epizentroa
Natxo Velez | eitb.com
Ken Zazpik Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egin duen lana, Ruper Ordorikaren bertsioak, Zea Maysen eta Su Ta Garren lan berriak, Esne Beltza... Bada zer entzun Durangoko erakusmahaietan paratuta.
-
Esne Beltza, Ahotsenean. Argazkia: EiTB.
Popa, rocka, metala, reggaea, rapa... Denetarik eskainiko dute, ohi bezala, argitaletxeek eta taldeek Durangon, Landako gunean, Azokako lau egunetan. Esne Beltzaren, Zea Maysen eta Ken Zazpiren itzulerek sortu dute zalaparta handiena aldez aurretik hedabideetan, lan berriei dagokienez. Nolanahi den, menu ugaria izango da, aurten ere, bertaratzen direnen eskura, musikariek sormen lanari jo eta su eusten dioten erakusgarri, nahiz eta industria kili-kolo ibili.
Baga Biga diskoetxearen eskaintzan, bi itzulera nabarmentzen dira beste ezeren gainetik: Kauta eta Urtz taldeak lozorrotik atera dira, donostiarren kasuan hamar urte geroago, eta Durangon aurkeztuko dituzte itzalpean, agertokietako argiak amatatutakoan, sortu dituzten kantuak. Bestalde, Korrontzik, euskal musika tradizionala geure mugetatik at zabaltzeko lanean tinko diharduen taldeak (berriki Brasilen izan dira biran), "Tradition 2.1" lana jarriko du erostunen eskura, Baga Bigaren bidez. Governors, Jexuxmai Lopetegi, Herri Oihua, Zain, Zarama, Emon eta Kaotikoren uztarik berrienak ere aurkeztuko ditu Bizkaiko zigiluak Durangon.
Elkar argitaletxeak apustu sendoak, seguruak, ditu, huts egin ezin duten horietakoak, Ken Zazpiren itzulera, EOSek lagunduta oraingoan, eta Ruper Ordorikaren disko berria, berbarako. Oñatiko musikariak hainbat euskal kantu mitiko (Laboa, Lete, Hertzainak...) maitekiro aukeratu, eta bere iragazkitik pasatu ditu. Halaber, Mikel Markezen ("Indar bat dabil hor") eta Izaki Gardenak taldearen disko berriak ere kaleratu ditu udazkenean euskal diskoetxeak, euskal ekoizpen artistikoaren hitzordu handiaren atarian. Aurretik, 2013ko lehen hiletan, Eñaut Elorrietaren bakarkako lehen diskoa (bikoiztuta agertuko da Ken Zazpiko kantaria aurtengo berritasunen artean), Gariren azkena eta Mandoilek, EH Sukarra (askok espero zuten beste itzulera bat), Igelaren Banda eta Hesian taldeena atera zituen.
Ruper Ordorikak "Azukre koxkorrak" argitaratu du
Gainera, Zarauzko Udalaren ekimenez, "Imanol Urbietaren kantak. Bakarrik eta libre" diskoa jarri du salgai Elkarrek. Horretan, kantagilearen (Jon Braun, Ran Rover Ran...) hainbat kantu gaur egungo zenbait musikari eta talderen iragazkitik pasatuta entzungo ditugu: Eñaut Elorrieta, Su Ta Gar, Fermin Muguruza, Mursego, Matxura...
Bestalde, "Zaharregia, txikiegia agian" ezinbestekoa argitaratu zenetik hamarkada bat igaro eta gero, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde berriz batu dira, Elkarren babespean oraingoan, beste disko-liburu bat argitaratuz musika, literatura eta arte plastikoak uztartzeko.
Horretan ez ezik, Gabriel Aresti handiaren omenezko disko-liburu batean ere ere aritu da lanean Rafa Rueda, Andoni Egañarekin, Amaia Lasarekin eta beste artista askorekin batera: "Gabrielen lekua".
Gor Nafarroako diskoetxe beteranoak ere bere alea ekarri dio euskal musikagintzari aurten: Yogurinha Borovaren, The Icer Companyren eta Altxatu gazteen diskoak. Horiez gain, Balerdi Balerdikoen lana ere eskuratu ahalko da erakusmahai horretan.
Tolosatik, Bonberenea Ekintzak zigiluak disko hauek jarri ditu salgai 2013an, eta, Durangoko haien erakusmahaian, erosgai izango dira, jakina: Bonberenea Txarangaren "...Etxean, zuzenean", Fiachras eta Sumision City Bluesen diskoak, Humus taldearen "Saurius", R-ren "Azken agurra" (DVDa), Napoka Iriaren diskoa, "Hala Bedi 30. urteurrena" (CDa eta CDa + liburua) bilduma eta Glaukomaren "vol 2".
Horrez gain, ohiko diskoetxeen eskaintzaz haraindian, aurten Euskal Herriko lokaletan egindako guztiaren lagin bat jasotzeko baliabide ona da, ohi bezala, "Entzun!" euskarazko musika aldizkariak argitaratzen duen urtekarira, disko-liburura, jotzera. Bertan, hogei euskal talderen lanaren zertzelada batzuk jaso ahal izango dira haien aukeraketa entzunez, urteak eman duena liburua irakurriz errepasatzeaz gain. Oraingoan, gainera, eskaintza osagarria dute: azken bost urteetako zenbakiak biltzen dituen kutxa erosi ahalko da.
Bidehutsek, Lisabö, Anari, Inoren Ero Ni eta Hoteleko musikariek 2007an sortu zuten zigiluak, zaku bete berritasun eramango du Durangoko Landako gunera: Audienceren "Mistress Grames" eta "Big Affair" lan berria, Mursegoren "Hiru" eta Anariren "Bidea eta denbora". Gainera, Coupages sailean, Los Separatistasen lana aterako dute; Atom Rhumba, Anari, Willis Drummond taldeetako musikariek eta Joseba Irazokik sortu dute talde hori.
Mauka musikagintza diskoetxeak Keu gitarrista beteranoaren (Etsaiak, Governors, Psychophony...) diskoa eskainiko du Durangon, besteak beste. Des-Kontrol, Arkada Social, Nabil, McOnak, Eratu, Iheskide, Sermond's, Los Galerna eta beste talde batzuen diskoak ere izango dira bertaratzen direnen eskura haien erakusmahaian.
Gaztelupeko Hotsak zigiluak zale askok bilatuko duten diskoa eramango du Azokara: '77' Bide Ertzeanen lana, taldeak hirukote gisa grabatua. Horrez gain, beste hamaika proposamen izango dira haien erakusmahaian: La Jodedera (erritmo dantzagarriak: sona, cumbia, merenguea), Los Galerna, Igor Arzuaga, Neighbor bikotea, Txuma Murugarren & Angel Untzu, Beñat Fuentesek eta Brendan Donnellyk Txinan egindako diskoa, Joseba B. Lenoir Sexty Sexerseko gitarra-jotzaileak bakarka egindako lana, biniloan, Aneika Ara hirukote bizkaitarra, Norman zinemari gorazarre egiten dion taldearen bigarren diskoa, Gasteiz Big Banden EPa (San Prudentzioko erretretaren eta "Clocks" Coldplayren kantuaren berrirakurketa eta guzti)...
Ohi duenez, Soraluzeko zigilu ausartak jazzaren leihoa ere ireki du aurtengo uztan berriz: Iñaki Rodriguezen "Burbuja", Javier Lopez Jaso & Marcelo Escrich Quarteten "Pagoda", Ander Garciaren "Ttun-Kurrun", Pernal / Szkil Quinteten "Getxoko XXXVIII. Jazz Jaialdia" eta Nevermind Hirukotearen "Tree / Sustrairik gabe" dira eskaintzak.
Bestalde, gero eta talde gehiagok diskoetxeen eskaintzei entzungor egin eta autoekoizpenera jotzen dutela inoiz baino argiago geldituko da aurtengo Azokan. Izen handi askoak, hala nola Su Ta Garrek, Esne Beltzak eta Zea Maysek bide horretatik jo dute, adibidez. Horiekin batera, beste hamaika proposamen: Kudai ("Harezko dorreak"), Niña Coyote eta Chico Tornado, Lou Topet, Ze Esatek, Hutsa bikote akustikoa... Aurten, halaber, Musika Zuzenean Interneteko musika aldizkariak tokia egin nahi izan die bere erakusmahaian musika diskoetxe baten babesik gabe argitaratzea erabaki dutenei: Gora Gora Kids, Nekez, Auxtin Alkhat, Larry Bird, Kometa, TikTara, Bullets of Misery, Kudai, The Riff Truckers, Mery May, Eten, "Tratu Txarrak" disko bilduma, Malenkonia, Mantisa...
Ainhoa Urretabizkaiaren aukeraketa
'B Aldea' Gaztea irratiko saioko esatariak Durangoko Azokan topatuko ditugun disko erakargarrienen errepasoa egin digu.
Zea Mays "Da"
"Era" disko arrakastatsuaren ondoren, bilbotarrek lehen aldiz ekoizle batekin lan egin dute 7. disko honetan; Dave M. Allen handiarekin hain zuzen ere. Diskoa bere osotasunean hartuta aurreko diskoen jarraipena dela esango nuke, baina pop ukitu gehiago aurkitu dituztela esango nuke. Instrumentazio aldetik, nabari da ekoizpen lan handiagoa dagoela eta eremu berriak arakatzen ibili direla; besteak beste, haize instrumentuak entzuten dira, baita Aiorak berak jotako txeloa ere.
Napoka Iria "Arnasten ikasteko berriz"
Aurreko lana, "Lehertarazi edifizioak", zuzenean grabatutako lana izanda, oraingoa estudio batean, lagunez inguratuta eta xehetasun guztiak kontrolpean izanda egitea eskertu du Debabarreneko bikoteak. Formazio bitxia, agian, Anderrek eta Miren-ek soilik osatzen dutena, baina urteen poderioz biek bakarrik elkar ulertzeko duten lengoaia gero eta sendoagoa eta helduagoa den adibide dira abesti berriak.
Bide Ertzean "77"
Azken hilabeteetan zuzenekoak hirukote moduan ematen pasatu ondoren, lehen aldiz formatu honetan atera dute diskoa tolosarrek. Instrumentazio aldetik aldaketak ekarri ditu honek noski, baina ezin hobeto ezagutzen dute elkar eta betiko pop erritmoak bikain dominatzen dituzte beste behin. "Non dira" lanean Gerra Zibilera begira jarri ziren modu bertsuan 1977. urtea hartu dute mugarri lan honetan, eta kantuek garai hartako egoera politiko sozialean oinarrituta dauden arren, ubedatarren bizipen pertsonalek leku berezia dute lan berrian.
AUDIENCE "Big Affair"
2013 honetan gernikarrek egindako bigarren ekarpena da hau. "Misstress games"ekin jolas txiki bat proposatu ziguten bezalaxe, ur handitan ibili dira BIG AFFAIR lan luzean. Helburua hori zen, eta % 100ean John Agnello ekoizle entzutetsuaren eskuetan jarri dira. New Yorkera bidaia egin, eta horrelako ekoizpen lan bati eskatu dakiokeen "handitasun" osoarekin etorri dira bueltan; arretaz entzun beharreko diskoa, xehetasunez betea eta diskoak eskaintzen dizkigun paisaietan murgiltzeko erraza.