Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Martxa hartuta, AEBetara begira jarriko da Durangoko Azoka

N. V. eta X. D. | eitb.com

William Douglassek Argizaiola saria jasoko du ostiral honetan, 20:30ean, eta Atxagak 'Nevadako egunak' aurkeztuko du. 'B Aldea' Gazteako saioak emanaldi berezia egingo du, gonbidatu bereziekin.

1:43

Durangoko Azoka aurrera doa, atzo hasi eta abiadura hartuta. Argizaiola saria emango diote gaur 20:30ean William Douglassi, Szenatokia gunean, Josu Camarak zuzendutako gala batean. Ekitaldi horren bitartez ez ezik, AEBetako euskal diaspora 'Nevadako egunak' Bernardo Atxagaren eleberri berriaren aurkezpenaren bidez ere azaldu da Azokara. Halaber, AEBetako euskaldunak Far Westeko Euskal Herria Asun Garikanoren liburuaren kariaz ere izan dira hizpide.

Gainera, Gazteako 'B Aldea' saio berezia eskainiko dute, zuzenean 19:00etatik aurrera, areto nagusian. Gonbidatu bereziak izango dituzte eta ezustekoak ere izango dira Ainhoa Urretabizkaiaren eta Xabi Doncelen eskutik.

Garatzaile eta teknikarien eguna izango da Kabi@ gunean, Wordpress ikastaroak eskainiko dituzte. Irudieneak Kameratoia, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya, hartuko du. Gainera, 'Goenkale'ren "Help! Socorro! Lagundu!" telefilma estreinatuko dute eta telesailaren aktoreek parte hartuko dute bertan.

Plateruenan gaueko kontzertuak izango dira, Iheskide eta Arcada Socialekin (23:00etatik aurrera, zuzenean) eta Eskoziaren eta Euskal Herriaren arteko anaitasun ekitaldi bat izango da, ikus-entzunezko emanaldi batekin eta bertsolariekin.

Saguganbaran umeentzako zein gurasoentzako ekitaldiak izango dira: 0 eta 5 urte bitarteko umeek multimedia jokoekin jolasteko aukera izango dute. Xabier Olasok (Euskadi Literatura saria 2013) "Tximeletak airean" lanaren irakurraldia egingo du 15:30ean. 18:00etan, areto txikian, 3-8 urteko umeen gurasoei zuzendutako hitzaldia eskainiko du Juan Kruz Igerabidek.

Ahotsenea

Hauek dira 11:00etatik 20:00etara Ahotsenea gunean izango diren bakarlari, talde eta idazleak: Joseba B. Lenoir, Rafa Ruedak, Andoni Egañak eta Alain Urrutiak "Gabrielen Lekua" disko-liburua aurkeztuko dute, Mursego, Esne Beltza, Ze Esatek!, Humus, Skasti, Aritz Mutiozabal, Keu Agirretxea, Peru Magdalena ("Egia esan" lana aurkeztuko du), McOnak, Bide Ertzean eta Izaki Gardenak, besteak beste.