Durangoko Azoka
''Panorama larria''
Durangoko Azokaren egoera ekonomikoa 'emergentziazkoa' da
Erredakzioa
Gerediaga Elkarteko ordezkariek Azokan urtero 150 000 euroko inbertsioa egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, topaguneari eusteko "estu eta larri" baitabiltza.
-
Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea, agerraldian. Argazkia: EiTB.
Durangoko Azokako arduradun taldeko bi ordezkarik, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Aitziber Atorrasagasti kudeatzaileak, agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean, Azokako antolakuntza talde osoaren izenean.
Han azaldu dutenez, hitzorduaren antolatzaileek "panorama larria" dute aurrean, iazkoa baino are larriagoa. "Azoka egunetarako 6 hilabete geratzen diren honetan, oraindik ez dakigu zer diru izango dugun denetara erakunde publikoetatik. Aurreko urteetako ildotik badatoz laguntzak, jasangaitza izango da egoera. Emergentziazkoa", esan dute.
Horren aurrean, administrazioei "babesa" eskatu diete: "Azokako antolatzaileok gaitasuna eta ilusioa erakutsi dugu urtez urte, ekimen hau indartzeko, hobetzeko eta zabalkundea emateko, eta zuei neurriko babesa eskatzera gatoz", esan dute.
Iaz galerak izan zituen Durangoko Azokak, nahiz eta aurrekontuak egiteko orduan "gerrikoak ondo estututa eta esfortzu handiarekin" jokatu zuten.
"Egoera jasangaitza"
Urtero, "ilusioz", Azoka antolatzeko orduan aurrean izaten duten egoera "jasangaitza" egiten zaiela esan dute Gerediagako kideek, "kalitatezko azoka bat ziurtatzeko baliabide duin barik eta erakunde publikoetatik izango dugun diru partidak ziurtatu barik" aritzen direlako eta "dagokion urteko edizioa partxez josita" atera behar izaten dutelako aitzina.
Hizlariek azaldu dutenez. euskal kulturaren plazak pisu handia du kultur merkatuan: 100 000 bisitari izaten ditu urtero batez beste, eta, argitaratzaileen esanetan, urteko produkzioaren % 60 Azokara begira argitaratzen da. Erkatze aldera, Europan hizkuntza gutxituetan egiten diren kultur festibaletan bigarrena da bisitari kopuruan Durangokoa, Galesekoaren ostean, Bizkailab Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenak emandako datuen arabera.
Halaber, euskal kulturgintzarako estrategikoa ez ezik, errentagarritasun sozial handiko topagunea ere badela erakutsi dute Gerediagako ordezkariek. Haien estimazioen arabera, bi milioi euroko inpaktua du Durangoko bilguneak industriaren fakturazioan eta beste horrenbeste ostalaritzan, eta 500 pertsonari ematen die lanpostu zuzena. Horrek guztiak 500 000 euroko BEZa eragiten du, kalkulu horien arabera, eta diru hori Euskadin gelditzen da.
Hala ere, Azokari eusteko "estu eta larri" dabiltzala errepikatu dute, eta erakundeetatik jasotzen duten babesa ez da, haien hitzetan, "herritarrek ematen dutenaren neurrikoa".
Erakunde publikoei "laguntza eta babesa" handitzea eskatu diete, hartara, "ezin baitugu ez gutxieneko kalitatea bermatu ezta aurrera egin ere".
"150 000 euroko inbertsioa"
Eusko Jaurlaritzari 150.000 euroko inbertsioa eskatu dio Gerediaga Elkarteak urtero, Azokarako "finantzazio handiagoa eta egonkortasuna behar baititugu".
Horrela, babes ekonomiko handiagoa eskatu die Durangoko Azokak erakundeei. "Estu eta larri gabiltza", azaldu dute ohar batean.
"Aurtengo azokari begirako egoera jasangaitza da", ziurtatu dute. "Finantziazio handiagoa eta egonkorragoa", eskatu dute. 2013an aurrekontuaren % 43 izan zen laguntza publikoa.
"Konpromiso finkoa eskatu diegu legebiltzarkideei aurtengo eta datozen urteko azokek finantziazio publiko handiagoa eta egonkorragoa izan dezaten", errepikatu dute.